Hainbat bizilagun kezkatuta dago azken boladan herrian ezki zuhaitzak mozten ari direlako, eta horiek babestu asmoz, Tiloak plataforma osatu dute. Beraien esanetan, "Iñurritza, Azken Portu eta Santa Klarako zuhaitzekin egindako txikizioa eta gero, azalpenik eman eta alternatibarik aurkeztu gabe, udalak orain Nafarroa kaleko ezkien aurka jo du". San Frantzisko kaletik hasi eta Gurutze Gorriraino, Nafarroa kaleko bi aldeetara dauden zuhaitz mota horiek "datorren udazkenean moztea" erabaki du udalak, plataformak jakitera eman duenez.
Horren aurrean, sinadurak biltzen ari dira hilabete hasieratik etxebizitzetako eskaratzetan eta hainbat establezimenduetan (Roimi, Surtidor taberna, Euromarko txiringitoa, Iturria farmazia, A3 eraikinen administrazioa, Itxaslur taberna, Urdaneta taberna, Eraitz taberna, Lau okindegia eta Ispilu Arte galeria, beste askoren artean), eta horretan jarraitzeko asmoa dute. Sinadura bilketak "martxa ona" hartu duela adierazi dute. Era berean, change.org plataformaren bitartez ere hasi dira babesa jasotzen.
"Alkateari eta udaleko teknikariei eskatzen diegu, klima larrialdi garai honetan, ez dezatela
jarraitu zuhaitz heldu eta urtetsuak mozteko sistemarekin, oxigenoa sortzeko gaitasun txikia
daukaten zuhaitz dekoratiboekin ordezkatzeko. Ezkiek arazoren bat sortzen badute, badaude
beste irtenbide batzuk, mozteko neurri zorrotza hartu baino lehen", arrazoitu dute Tiloak plataformako kideek.
Egun dauden ezkiak mantendu egin behar direla iritzi diote, behar bezala kimatuz, eta arazoa kanalizazioak izanez gero, euri eta gorotz urak espaloien edo errepidearen azpian bereiztea proposatzen dute. Adibide gisa, gainera, Donostiako Tolosa Ibilbidean hartutako neurriak proposatzen dituzte. Izan ere, "hiri asko aintzat hartzen ari da hiriguneetako zuhaitzek herritarren bizi baldintzak hobetzeko daukaten garrantzia".
Abiatutako ekimenekin jarraitzeko borondatea du plataformak,"herritarrek onetsi egin dutelako beste irtenbide batzuk bilatu behar direla". Zentzu horretan, alkatearekin hitzordua eskatzeko asmoa dute, gaiaz hitz egiteko nahiz informazio gehiago jasotzeko, eta, bidez batez, "udalak hartuta dauzkan erabakiak baino hobeak diren alternatibak bila ditzan".