Euskal Astea 2022

Oparo dator Euskal Astea

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 23a, 16:00
Irune Urbieta, Xabier Txurruka eta Leire Arana, Euskal Astearen aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Abuztuaren 25etik irailaren 9ra makina bat kultur ekitaldi antolatu dituzte. Irailaren 6a ospakizun eguna izango da herrian, Nao Victoria Zarautzen eraikia izan zelako. Jose Luis Lasak eginiko karroza bat aterako dute Euskal Jai Egunean, garai bateko usadioa berreskuratze aldera.

Xabier Txurruka alkateak, Irune Urbieta Kultura zinegotziak eta Leire Arana jarduneko Jaien eta Ekitaldien zinegotziak agerraldia egin dute gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan Euskal Astearen egitaraua aurkezteko. Aste honetan emango diote hasiera asteari, Bertsolari Gazteen 46. Lizardi Sariaren kanporaketekin, Musika Eskolako aretoan; lehen saioa ostegunean izango da, eta bigarrena ostiralean, 22:00ean. Finala, berriz, Modelo aretoan jokatuko dute irailaren 2an. Urbietak azaldu duenez, aurten ere ez dira faltako tradizio handikoak diren Binakako Dantza Txapelketa, Aurresku Txapelketa eta Trikitilari Gazteen Txapelketa.

Aurten, berrikuntza gisa, Euskaraz Bizi Eguneko ospakizuna malekoian egingo dute, irailaren 3an. Eguerdi partean musika eta dantza emanaldiak  izango dira itsas pasealekuko lau gunetan, eta 12:30ean, amaierako ekitaldia egingo dute Gurutze Gorriaren parean. Gainerakoan, Euskararen Aldeko Lasterketa eta herri bazkaria Musika Plazan izango dira beti bezala.

Baina aurtengo Euskal Asteak badu berezitasun nabarmen bat. "Irailaren 6a jai eguna da eta Zarautzen badugu zer ospatua. Izan ere, herrian eraiki zuten duela 500 urte mundubira burutu zuen Nao Victoria itsasontzia. Urteurren berezi hori ospatzeko egitarau berezia antolatu dugu", jakitera eman du alkateak. Hala, Lege Zaharren enparantzan hegaluzea parrilan eta txakolin nahiz sagardo dastaketa izango da eguerdian. Iluntzean, berriz, herriko kultur taldeek Festak aurrea ederrago du atzea baino jaialdia eskainiko dute.

Egun nagusirako karroza berezia

Euskal Jai egunetan murgilduta, haurrena irailaren 4an ospatuko da, eta ohi bezala, egun nagusia irailaren 9an. Haurren Euskal Jaietan, betiko legez, dantarien biltzarra eta emanaldia izango da eguerdian Lege Zaharren enparantzan, eta arratsaldean dantzaldia Iñurritzan.

Euskal Jai Eguneko egitaraua ere ohikoa izango da: Goiztarrak, Alprojaren antzerkia (aurten 2x2 antzezlana), erromeria, Larrain dantza, trikitilariak, tunturroak... Aranak aurreratu duenez, aurten Jose Luis Lasak diseinatutako karroza berezi bat aterako da aurten San Inazio kaletik eta Bizkaia kaletik Lege Zaharren enparantzara abiatuko da.

"Urtetan egin izan ditu karrozak, eta aurten animatu egin da egitera, urteetan galduta zegoen usadio hori berreskuratu nahian. Karrozaren gaia sekretupean mantendu nahi dugu, baina benetan  ikusgarri izango da aurkeztuko duena", azaldu du Txurrukak. Lasak berak egin zion proposamena udalari, eta alkatearen iritziz, "bide egokia iruditu zaigu gazteek eta ez horren gazteek ikus dezaten bere garaian zer-nolako karroza egiten ziren, eta agian etorkizunerako aukera zabaldu".  Era berean, orga lehiaketan izena eman nahi dutenak Turismo Bulegoan egin dezaketela jakinarazi du.

Erlazionatuak

Euskal Asteko egitarau zabala ikusgai

Aritz Mutiozabal 2022 abu 23 Zarautz