Udal Gobernuak 2023 urterako udal zerga eta tasak izoztea erabaki du

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 28a, 11:30
Jesus Arana Ogasun zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Jesus Arana Ogasun zinegotziak azaldu du egungo onurak mantendu egingo direla eta Tarifa Sozialak indartu, udalaren "ekonomia osasuntsuari esker".

Egungo egoera ekonomikoa ikusita, 2023 urterako udal zerga eta tasak izoztea erabaki du Udal Gobernuak. Hartutako neurri horrekin, "prezioen igoerak eta ziurgabetasun ekonomikoak Zarauzko ekonomietan sortzen duen eragina arintzen lagundu nahi dugu ahal den neurrian”, aditzera eman du jarduneko alkate eta Ogasun zinegotzi Jesus Aranak 

Edonola ere, egungo onurak mantentzeaz gain, Tarifa Soziala indartu egingo dute, beste hainbat udal zerbitzuetan txertatuz; esaterako, udal euskaltegian, Haurren Balio Anitzeko Zerbitzuan eta Nerabeen Balio Anitzeko Zerbitzuan egiten diren ekintza berezietan. Era berean, Udal Gobernuak txosten tekniko bat eskatu du etxebizitzen hobekuntza energetikoarekin eta energia berdeak ezartzearekin zerikusia duten obra guztietan hobari maximoak emateko.

Ogasun zinegotziak nabarmendu nahi izan du hau guztia posible dela "udalak duen ekonomia osasuntsuari esker". Izan ere, azpimarra egin nahi izan du ondorengo kontuetan: "2022 urte amaierarako, udalak finantza erakundeekin duen zorra 1.214.979,26 eurotara murriztuko da. Hala, azken urteetan udal zorrak izan duen jaitsierak geldiezina izaten jarraitzen du".

Udal Gobernuak azken bi agintalditan izan duen politika eredua nabarmendu du Aranak. Bere esanetan, "herritarren poltsikoan eraginik izan gabe, udal zerbitzuen kalitatea mantentzen eta inbertsioak egiten jarraitzeko aukera eman digu".