Eizmendi garaile Elgoibarko Harri Jasotze Txapelketan, Izeta II.aren marka berdinduz

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 28a, 14:00

Atzo jokatu zuten lehiaren XXII. edizioa Elgoibarko herriko plazan,  Belaustegi eta Mintxeta harriekin, eta Eizmendik lortu zituen jasoaldi gehien, 30ekin.

Zortzi harri jasotzaileek hartu zuten parte Elgoibarko XXII. Harri Jasotze Txapelketan, ia denak Izetaren eta Ostolazaren eskolakoak. Bi harri baldarrekin egin behar izan zituzten lanak, Belaustegi (145,4 kilo) eta Mintxeta (124,6 kilo) harriekin, bakoitzarekin 5 minutuko txanda osatuz.
 
Denek ere lan bikaina egin zuten, baina guztien artean, Jokin Eizmendi zarauztarra nabarmendu zen, 30 jasoaldirekin. Gisa horretan, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-rena ezarrita zeukan marka berdindu zuen. Edonola ere, antolatzaileak ez zeuden seguru harrien jasoaldiak nola izan ziren sasoi hartan.
 
Bigarren postuan, Mikel Lopetegi Urra geratu zen 24 jasoaldirekin, eta hirugarren, berriz, Beñat Telleria 20 jasoaldirekin. Gainerako parte hartzaileak 20 altxalditik behera geratu ziren.
 

Sailkapena

  1. Jokin Eizmendi: 30 altxaldi (13 Belaustegi / 17 Mintxeta)
  2. Mikel Lopetegi Urra: 24 altxaldi (10 Belaustegi / 14 Mintxeta)
  3. Beñat Telleria: 20 altxaldi (6 Belaustegi / 14 Mintxeta)
  4. Paulo Azpiazu: 19 altxaldi (3 Belaustegi / 16 Mintxeta)
  5. Aimar Galarraga: 18 altxaldi (8 Belaustegi / 10 Mintxeta)
  6. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 16 altxaldi (5 Belaustegi / 11 Mintxeta)
  7. Xabat Olaizola: 15 altxaldi (3 Belaustegi / 12 Mintxeta)
  8. Imanol Royo Lartain: 10 altxaldi (2 Belaustegi / 8 Mintxeta)

Argazkiak: Ibon Errazu