4.000 sinaduratik gora bildu dituzte Nafarroa kaleko ezkiak babesteko

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 2a, 12:30
Nafarroa kaleko zuhaitzak. (Aritz Mutiozabal)

Tiloak plataforma sortu dute herrian, eta abuztua hasieratik sinadura kanpaina bat dute abian. Asteazkenean batzartu ziren zinegotzi arduradunekin eta udal teknikariekin.

Hainbat bizilagun kezkatuta dago azken boladan herrian ezki zuhaitzak mozten ari direlako, eta horiek babestu asmoz, Tiloak plataforma osatu dute. Beraien esanetan, «Iñurritzako, Azken Portuko eta Santa Klarako zuhaitzekin egindako txikizioa eta gero, azalpenik eman eta alternatibarik aurkeztu gabe, udalak orain Nafarroa kaleko ezkien aurka jo du». San Frantzisko kaletik hasi eta Gurutze Gorriraino, Nafarroa kaleko bi aldeetara dauden zuhaitz mota horiek –50 inguru dira, udalak jakitera eman duenez– «datorren udazkenean moztea» erabaki du udalak, plataformak jakitera eman duenez.

Horren aurrean, sinadurak biltzen ari dira abuztu hasieratik etxebizitzetako ezkaratzetan, saltokietan eta ostalaritzako establezimenduetan, baita change.org plataforma digitalaren bitartez ere, Salba ditzagun tiloak izenean. Gaur gaurkoz, 4.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte, eta babes gehiago lortzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Plataformako kideek asteazkenean batzartu ziren zinegotzi arduradunekin eta  udal teknikariekin. «Udalari eskatzen diogu aukera desberdinak bilatu, aztertu eta kontuan har ditzala, eta, ondoren, egokiena irizten dena aukeratu dezala». Baina beste irtenbide batzuk kontuan hartzea, «zuhaitzak mozteko neurri zorrotza hartu baino lehen». Hori horrela, partaidetza prozesu bat hasi nahi dute, herritarren iritzia kontuan har dadin, eta Arkamurka Natur Taldearekin ere bilera lotu dute.

Egun dauden ezkiak mantendu daitezkeela iritzi diote, behar bezala kimatuz eta kanalizazio egokiarekin. Adibide gisa, gainera, Donostiako Tolosa Ibilbidean hartutako neurriak proposatzen dituzte. Izan ere, «hiri asko aintzat hartzen ari da hiriguneetako zuhaitzek herritarren bizi baldintzak hobetzeko daukaten garrantzia».

Abiatutako ekimenekin jarraitzeko borondatea du Tiloak plataformak, «herritarren babesa dugulako». Azken finean, Nafarroa kaleko «ezki zuhaitz zoragarriak» babesteko xede garbia du: «Ez ditzatela ordezkatu udalak proiektu horretarako aurreikusita dauzkan zuhaixkekin».