Aner Peritzek irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Saria

Urtzi Oteiza 2022ko ira. 3a, 09:00

Atzo gauean jokatu zen finala Modelo aretoan, eta etxean gelditu zen txapela; Andoni Rekondo izan zen bigarren, Peritzengandik bi puntura.

Andoni Rekondo, Aner Peritz, Gorka Pagonabarraga, Oier Etxeberria, Aitor Tatiegi eta Naia Arrizabalaga aritu ziren atzo gauean Modelo aretoan bertsotan, Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketako finalean.

Ibon Aristi aritu zen gai jartzaile lanetan, eta parte hartzaileek honako lanak egin behar izan zituzten: zortziko handia, zortziko txikia, hitza emanda bertso bana, seiko motza, kartzelekoan puntuak eta kartzelekoan gaia.

Bertsolariak fin aritu ziren, eta azkenean, Aner Peritz zarauztarrak jantzi zuen txapela. Bi puntura gelditu zen bigarrena, Andoni Rekondo hernaniarra. Horrek jaso zuen, gainera, bertso onenaren saria. Zortziko txikiko lehenengo bertsoagatik jaso zuen. "... aholku soila dezu/ ez dezu errita/ zauria egin aurretik/ jartzazu tirita".

Sailkapena

  1. Aner Peritz: 286,5
  2. Andoni Rekondo: 284,5
  3. Aitor Tatiegi: 278
  4. Gorka Pagonabarraga: 266,5
  5. Oier Etxeberria: 255
  6. Naia Arrizabalaga: 229