"Gero eta konplikatuagoa zaigu 'ni'-aren eta 'gu'-aren arteko territorioa"

IƱigo Astiz/Berria 2022ko ira. 8a, 11:30
Jon Benito idazlea.

Jon Benito zarauztarrak Lagun minak liburua atera du duela hilabete gutxi. Hamabost narraziok osatzen dute liburua, prosazkoak batzuk, poema formakoak besteak. Berria egunkariak atzo argitaratu zuen hari eginiko elkarrizketa, eta bertan azaltzen ditu idazleak bere azken lanaren nondik norakoak.

Ispiluak jadanik ez dio balio. Mataza moduko bat asmatu behar izan du Jon Benitok (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) aldi berean norabide guztietarantz zabaltzen eta korapilatzen dirudien egungo mundu konplexu hau kontatzen saiatzeko. Adierazkortasunaren mugara behartu du hizkera horretarako. Lehen orrialdetik bertatik. Bigarren lerrotik. "Zer gertatu zitzaigun?/ galdetu dizut naiz diot diogu". Eta ibilkera apurtu horrekin doaz aurrera Lagun minak liburua osatzen duten hurrengo 290 orriak. Aingurak erreketan poesia liburua eman zuen argitara 2001ean, Bulkada izenekoa kaleratu zuen 2010ean, eta poesiaren eta narrazioaren artean joan-etorrian dabiltza bere kontakizunak orain, tarteka poema itxurarekin eta tarteka ipuin formarekin. Sorterrian egin du hitzordua Berria-rekin, Azken Portu auzoan, bere literaturaren iturburu den gunean, hain zuzen ere. Ortzi mugarako ihesbiderik uzten ez duen eraikin arteko plaza bat da, erdiz eguzkitara, hormetako txoko bakoitzean Benitok argazkilariari gustuz agerrarazten dion istorio banarekin.

Aurreko liburuetan bezala, oraingo honetan ere badago gune jakin honetaz gune literario bat sortzeko asmoa.

Nik uste dut liburu honetan logika bat badaukala horrek, asko hitz egiten delako pertenentziaz, eta aditzak ere moldatu egiten direlako identitateari erreferentzia egiten diotenean. Baina, era berean, hau ere bada nire lekua munduan, nahiz eta orain ez naizen hemen bizi. Eta hemengoa izateak janzten ditu betaurreko ideologiko batzuk, bai bestea edo gure inguruan bizi direnak ulertzeko, bai kanpoan gertatzen diren gauza batzuk ikusteko ere. Mundua ikusteko nire betaurrekoak hemengoak dira.

Esker emate batekin hasten da liburua, eta Gari Berasaluze idazleak liburuari buruz egin zizun oharra aipatzen duzu bertan: "Jendeak ez du horrela hitz egiten". Eta liburu osoan da argia hizkuntza naturalistaz harago jotzeko asmoa. Ia espresionista da darabilzun hizkuntza.

Bai, hitza hori da. Espresioa ahalik eta gehien indartzea edo potentziatzea izan da nire asmoa. Ez nuen bilatzen narratibitatea gailentzerik: pertsonaia hara joan da eta ez dakit zer egin du; inportanteagoa zen kontakizunaz haragoko hizkuntzaren ahalmen bat garatzea. Eta horrek auzitan jartzen du hitz batzuk nola balia ditzakegun. Adierazi nahi duguna kontatzeko hitz batzuek balio duten, eta, beraz, hitz batzuk molda ditzakedan edo asmatu behar ditudan, edo aditzak jokatu ditzakedan gaizki nahitara... Baina iruditzen zait literaturak horretarako aukera eskaintzen duela. Libre ez dut esango, ze libertateari buruz asko hitz egiten da liburuan, baina solteago bai jokatu nahi nuen.

Ez da hori korronte orokorra. Bide horretan baduzu anai-arreba sentitzen duzunik?

Musikan badaude Maite Arroitajauregi edo Maite Larburu edo, orain, Sofa bezalako taldeak. Badaude gauza batzuk ohiko inertziatik apur bat desbideratzen direnak, eta neu ez nago beraien korrontean, Arroitajauregi errepikaezina delako, Larburuk ere bere estiloa daukalako eta Sofak ere musika kontra-intuitiboa egiten duelako momentu batzuetan. Baina ate batzuk irekitzen dizkigute guztiek, geuk ere espresabideari bidea zabal diezaiogun, eta guretzako ere bidea zabalagoa izan dadin.

Espresioa da klabea, beraz?

Iruditzen zitzaidan gauza batzuk kontatzen banituen "joan zen, egin zuen, etorri zen", ba, agian konplituko zuela kontakizunak bere funtzio informatiboa, edo utziko zuela lekukotza, baina uste dut literaturak egin behar duela ahalegin bat hizkuntza propio bat garatzekoa eta espresabidearen potentzialitatea saiatzekoa, sikiera. Kontu bakoitzak behar luke bere kodea. Batzuetan lirikoagoa, eta beste batzuetan, ba,...

Mekanikoagoa, adibidez? Zintan lan egiten duen langilearen ipuina kontatzeko kontaera mekanizatu moduko bat sortzen duzunean bezala?

Hori da. Eta gero badago liburu osoan prosaren eta poesiaren arteko etengabeko batzuetan joko, beste batzuetan talka, eta beste batzuetan elkar osatze bat. Zeren eta gure egunerokoa oso prosaikoa da, eta eguneko laburpena egiten duzunean, etxera heltzen zarenean, zure ondokoari esaten diozu joan zarela hona eta egin duzula hura eta bestea, baina, aldi berean, iruditzen zait badaudela momentu batzuk zeintzuetan badagoen lirika bat ere, edo nahi baduzu mistika bat, oso xumea agian, baina mistika bat, eta, horregatik, nik ere ez nuen dena oso narratiboa ez oso mistikoa izaterik nahi. Bi gauza horien arteko dialektika bat gara gure egunerokoan.

Antzerkian laugarren horma deitzen den hori ere apurtzen duzu tarteka liburuan, zuzenean irakurleari hitz egiteko. Hala puskatzen du kontaera narratzaileak, adibidez, ipuinetako batean: "Kontaduria mejoragarria dela uste izatera, jo Zola, Ballestrini, Peace edo Ponhusen nobeletara".

Badago interpelazio asmo bat. Argitaratu aurretik liburua irakurtzera pasatzen nuenean hori izaten zen nire kezketako bat, irakurleak eduki ditzakeen eguneroko kezkekin konexioren bat egon zedila. Nik uste Bulkada-ren bertuteetako bat hori izan zela, konektatzen zuela jende baten aldi bateko bizipenekin, eta nahi nuen hori mantendu. Eta hori zen laugarren horma haustearen helburu nagusia, irakurleari galdetzea ea konektatzen ari den irakurtzen ari denarekin.