Zarauzko nesken futbol taldea, berdeguneetara bueltan

Andoni Elduaien 2022ko ira. 8a, 09:00
Zarauzko nesken lehen taldea, denboraldiaurrean. (Zarautz K.E.)

Larunbatean ekingo dio ligari Zarautz futbol taldearen nesken lehen taldeak. 17:30ean hasita, Asti Txiki futbol zelaian jokatuko dute Euskal Ligako lehen jardunaldiko partida Basauriko Neskak taldearen aurka. Uda honetan aldaketa bat baino gehiago izan dira taldean.

Bueltan da futbola, eta emakumeen Euskal Ligan diharduen Zarautz futbol taldearen nesken lehen taldea asteburuan itzuliko da berdeguneetara. Larunbatean, 17:30ean, Asti Txiki futbol zelaian jokatuko dute denboraldiko lehen jardunaldiko partida; Basauriko Neskak taldea izango du aurkari Alberto Izquierdok zuzentzen duen taldeak.

Azken denboraldiarekin alderatuta, emakumeen Euskal Ligan hiru talde gehiago izango dira aurten Zarautzekin lehian, eta hori horrela, goiko postuengatik borroka egiteko puntu gehiago izango dituzte jokoan zarauztarrek. Izquierdorena ligako talde indartsuenetako bat izan zen 2021-22 denboraldian; izan ere, hirugarren postuan sailkatu zen Zarautz. Aurten ere goiko postuengatik egin nahi dute borroka zarauztarrek, eta liga hasierako puntuak garrantzitsuak izango dituzte.

Uda honetan, ordea, aldaketa bat baino gehiago izan dira taldean, entrenatzaile taldetik hasita; Leire Larrañaga laguntzailearen ordez arituko da aurten Iker Garcia. Jokalarien artean ere izan dira, ordea, aldaketak. Taldean hamahiru jokalarik jarraitzen badute ere, sei lagunek hartu dute kluba uzteko erabakia: Uxue Yoldik, Nahia Azpirozek, Sara Arangurenek, Naiara Goikoetxeak, Irati Larrañagak eta Ane Mugikak. Aldiz, zazpi jokalari batu dira Zarautzen lehen taldera: Bidatz Izagirre, Elene Romero, Nahia Lacalle, Maddi eta Eider Zelarain, Irai Arozena eta Jugatx Aduriz. Era berean, kadete mailako Inge Iruretagoiena eta Elene Eizagirre jokalariak emakumeen lehen taldeko dinamikan arituko dira aurrerantzean.