"Zarauztarrak nahasteaz gain, herria lotsagarri utzi du afera honek"

Zarauzko EH Bilduk ondorengo adierazpenak egin ditu gaur bere twitter kontuan Nao Victoria itsasontziaren sorburuaren inguruan sortu den ika-mikaren harira.

Lehenik eta behin, eztabaida historiografikoan sartzeko ez direla "nor" azaldu dute EH Bilduko kideek, eta ez direla horretan sartuko. Baina mahai gainera ekarri nahi izan dute "herria egoera esperpentiko honetan jarri duen alkatearen jarduna eta jarrera".

Koalizioaren esanetan, "zoritxarrez hau da Udal Gobernuaren eta Xabier Txurrukaren egiteko modua: berme teknikoak eta juridikoak kontuan hartu gabe eta udaleko gainerako ordezkariekin kontatu gabe alkatearen okurrentzietara jotzea. Nao Victoriarena azken adibide nabarmen eta adierazgarria besterik ez da".
 
Zarauzko EH Bilduk dio "zarauztarrak nahasteaz gain", herria "lotsagarri" utzi duela afera honek. Zentzu horretan, "kontuak seriotasun eta profesionaltasun handiagoarekin" egitea eskatu diote Udal Gobernuari, eta bereziki Xabier Txurrukari, "antzerako egoera irrigarririk berriz errepika ez dadin".