"Eskerrik asko eta laster arte!"

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 10:00
Pettiren kontzertua, Arranopola egitasmoaren barruan.

Arranopola kultur elkarteko kideek honako eskertza gutuna zabaldu dute, udako egitaraua prestatzen lagundu dutenei nahiz ostegunero kontzertuez gozatzen aritu direnei zuzenduta.

"Bi urteko hutsune luzearen ondoren eta lan-talde eraberritu batekin, behar batetik berreskuratu dugu Arranopolaren udako egitaraua. Elkarrekin egoteko beharretik, herrian musika eta kultura sustatzearen beharretik, herriko taldeei plaza bat eskaintzeko beharretik, zarauztarrei nahiz bisitariei topagune goxo eta aberats bat eskaintzeko beharretik.

Eta ikusi dugu behar hori ez zela gurea soilik, hala adierazi diguzue zuen presentziarekin eta baita hitzez ere. "Bizitza alaitu didazue", esan zenigun arratsalde batez, zuetako bakoitzak gu zenbat bete gaituen ohartu gabe. Horri eutsi diogu, astez aste, horrek eman digu indarra lanean jarraitzeko.

Bederatzi aste izan dira, bederatzi arratsalde hunkigarri. Eskerrak eman nahi dizkiegu gure oholtzatik pasa zareten artista guztiei: Alarma Morea, Mice, Ithaka, Rüdiger, Pig&Kiss, Petti, Martin de Marte, Gilda eta Estitxu Pinatxo. Eskerrak, modu batera edo bestera antolakuntzan eta muntaian esku bat bota diguzuen guztiei. Eta, nola ez, ostegunero-ostegunero Musika Plazara hurbildu zareten guzti-guztioi. Zoragarria izan da.

Zarautzen Euskal Jaiek markatu ohi dute uda bukaera. Guk ere bukatu dugu aurtengo udako emanaldi sorta. Orain atseden pixkat hartzea tokatzen zaigu, baina udan pilatu dugun ilusio eta indarrarekin aurrera egiteko asmo eta gogoa daukagu. Ongi-etorriak izango dira ideia eta kide berriak, beraz, gogoz bazaude, jar zaitez gurekin harremanetan!

Ez dakigu zer, noiz eta nola, baina laster izango duzue Arranopolaren berri. Eskerrik asko eta laster arte!"