Izena eman daiteke Udal Euskaltegiko ikastaroetan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 9a, 12:00

Aurrez aurre nahiz online eskainiko dituzte ikastaroak aurten ere, eta irailaren 23ra artekoa da izena emateko epea.

Udal Euskaltegiaren ikasturte berriko eskaintza aurkeztu zuten atzo euskaltegiko zuzendari Alitxu Larrañagak eta udaleko Euskara zinegotzi Irune Urbietak. Aurten ere aurrez aurreko nahiz online ikastaroak eskainiko dituzte, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetarako. Aurrez aurreko ikastaroan astean hiru edo lau saio izango dira, eta online ikastaroan, berriz, asteroko tutoretza A1, A2 eta C2 mailetan, eta hamabostean behineko tutoretza eta asteroko mintzasaioa B1, B2 eta C1 mailetan.

Urbietak azaldu zuen "herriko edozein pertsonari euskara ikasten edota euskara maila hobetzen" lagundu nahi diola udalak Udal Euskaltegiaren bitartez. Horretarako, euskara ikasten ari diren pertsonei matrikularen %75 itzultzen diete, baldin eta emandako orduen %80 betetzen badituzte. Ikastaroan zehar langabezian daudenei, berriz, matrikularen %100a itzultzen diete. Horrez gain, HABEren azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABEren eta udalaren artean osatuko da.

16 urtetik gorakoek eman dezakete izena ikastaroetan, eta horretarako aukera izango da irailaren 23ra arte. Informazio gehiago nahi duena harremanetan jar daiteke euskaltegiarekin zuzenean, 943-13 11 53 / 943-85 50 84 telefono zenbakietara deituta, euskaltegia@zarautz.eus helbidera idatzita edo bertara joanda, Iturribideako  28-30 zenbakietara.