Arnasetik bideosormen lehiaketa abiatu du Uemak gazteek hizkuntza ohituren inguruan hausnar dezaten

Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendutako Arnasetik bideosormen lehiaketa jarri du martxan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Adinaren araberako hiru kategoriatan banatu dute sariketa, eta guztira, 2.000 euro banatuko dituzte sari baliokideetan. Urriaren 5ean amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea. 

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Arnasetik bideosormen lehiaketa jarri du martxan euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzenduta.  Zehazki, arnasguneetako 10-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako egitasmoa da Arnasetik, eta helburua da parte hartzaileek sormena erabiliz hizkuntza ohituren inguruan hausnartzea. Azpeitia da euskararen arnasguneetako bat.

Sustatzaileen arabera,"gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara eta teknologia berrietara egokitutako lehiaketa da Arnasetik, eta teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak landuko ditu". Uemak jakinarazi duenez, hiru kategoriatan banatu dute sariketa: "Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan modu ezberdinetan parte hartzeko aukera egongo da, eta kategoria ezberdinetako sariak egongo dira. Horrek esan nahi du banaka, talde lanean edota eskolartekoan jorratu daitezkeela lanak". 

Kategoriak, irizpideak eta sariak

Adinaren arabera banatu dituzte Arnasetik lehiaketaren kategoriak. Hain zuzen, hiru kategoriatan banatu dute sariketa, eta horietan parte hartzen dutenek bateko edo besteko bideoak sortu beharko dituzte. A kategoria LH 5 eta 6 mailetako ikasleei zuzenduta dago, B kategoria DBH 1 eta 2 mailetako gaztetxoei eta C kategoria DBH 3 eta 4ko ikasleei. 

Honako hauek dira kategorien araberako lanek jarraitu beharreko irizpideak:

- A kategoria (LH 5 eta 6), sormen lana: Formatu librean (marrazkia, olerkia, bertsoa, bideoa, abestia…) sormen lana ekoiztu beharko dute parte-hartzaileek, LHtik DBHra pasatzeak eragiten duen emozio, hizkuntza ohitura edo egoerak islatuz.

- B kategoria (DBH 1 eta 2), bideo tutoriala: Julen Portillok egitasmorako egindako bideoa ikusi beharko dute parte-hartzaileek eta antzeko ikus-entzunezkoa sortu beharko dute, youtuber estiloan. 

- C kategoria (DBH 3 eta 4), bideoa: Hiru Damatxok egitasmorako egindako bideoan agertzen diren galderei erantzungo dion bideoa sortu beharko dute parte-hartzaileek, elkarrizketa irudikatuko duen formatuan. 

Ezinbestean euskara izango da lehiaketara aurkezteko erabaki beharko den hizkuntza. Iraupenari dagokionez,  ikus-entzunezko lanek gehienez bi minutu iraun beharko dute. 

Guztira, lau sari banatuko dituzte, eta horietako bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du. LH 5-6 kategoriako lanik onenak 500 euroko sari baliokidea eskuratuko du, baita DBH 1-2 eta DBH 3-4 kategorietako lanik onenek ere. Horiez gain, publikoaren saria ere banatuko dute. Uemak jakinarazi duenez, 500 euroko sari baliokide bakoitza IrisarriLand parkean, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.