Parekidetasun Planaren aurkezpen-bilera irekia deitu dute astearterako

Emakumeen Etxean izango da planaren aurkezpena. (Hitza)

Emakumeen* Etxean izango da datorren asteartean, 18:30etik aurrera. Bestalde, plana proposamenari ekrpenak egin ahal izango zaizkio hilabete osoan zehar.

Zarauzko Udala Emakume eta Gizonen Parekidetasunerako 4. Plana prestatzen ari da 2023-2027 aldirako. Dokumentu horrek zehaztuko ditu berdintasuna lortzeko bidean herrian landu beharreko ildo nagusiak, udalaren beraren eta herritarren ezinbesteko inplikazioarekin.

3. Parekidetasun Planaren ebaluazioa oinarri hartuta, eta udal departamentuetako teknikariekin eta Zarauzko Berdintasun Kontseiluarekin bildu ostean, udalak plan proposamen bat landu du. Orain, proposamen hori herrian partekatu nahi du, eta herritarrek eta elkarteek berdintasunaren alorrean dituzten iritziak eta jakin-minak ezagutzeko aukera egongo da.

Hori dela eta, irailaren 13an, datorren asteartean, Zarauzko Emakumeen* Etxean parekidetasun planaren aurkezpen-bilera irekia egingo dute, 18:30ean hasita. Era berean, herritar guztiok proposamenak bidali ahala izateko tartea irekiko dute, irailaren 30a bitartean; Parekidetasun Departamentuko blogaren bidez egin daitezke ekarpenak.

Legedia berria eta Udal Gobernuak berdintasunaren arloan dituen erronkak batuko ditu plan berriak. Ekimen honek, gainera, gizarte aldaketarako erronkak proposatzen dituela azaldu du udalak, "lau ardatzetan antolatuko direnak eta datozen urteetan esku hartze publikoa bideratuko dutenak, gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiaren eta gizarte-antolaketaren eraldaketa eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza bultzatuz".