Abian da udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 11a, 12:30
Jesus Arana Ekonomia eta Partaidetza zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Zazpi bilera egingo dituzte herriko auzoetan, eta lehena ostegunean egingo dute Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin. Era berean, proposamenak jasoko dituzte herrian jarriko dituzten postontzietatik, baina Internet bidez ere.

Azken urteetako dinamikarekin jarraituz, 2023ko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesu jarri du martxan Zarauzko Udalak. Aurten, osasun krisialdiak jarritako murrizketak atzean utzita, berriro ere aurrez aureko bilera antolatu ditu. Guztira, zazpi bilera deitu ditu herriko auzo ezberdinetan, bizilagunen beharrak ezagutu eta haien proposamenak jasotze aldera. 

Datorren astean ekingo diote, eta lehen saioan Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin batzartuko dira; irailaren 15ean, ostegunean, izango da Vista Alegreko Auzo Elkartean, 18:30ean. Ondorengo bilerak toki eta egun hauetan izango dira:

  • Irailak 19: Azken Portu, 18:30ean, Santa Klarako elizan.
  • Irailak 21: Itxas Mendi eta Mitxelena, 18:30ean, Itxasmendiko auzo elkartean.
  • Irailak 26: Urteta, 20:00etan, Urtetako elkartean.
  • Irailak 28: Zelai Ondo eta Aritzbatalde, 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegian.
  • Urriak 5: Iñurritza eta Mendilauta,18:30ean, Iñurritzako auzo elkartean.
  • Urriak 10: Alde Zaharra, 18:30ean, Portuetxeko udalbatzar aretoan.

Jesus Arana Ekonomia eta Partaidetza zinegotziak harte hartze prozesuaren garrantzia azpimarratu du: “Aurten, azken bi urteetan bizilagunekin antolatzerik izan ez ditugun aurrezaurreko bilerak berreskuratuko ditugu, herritarrei udalaren egoera ekonomikoaren berri eman eta 2023 urterako eskuartean ditugun proiektu nagusienak azaltzeko. Guretzat oso garrantzitsua da zarauztarrek dituzten proposamen eta iritziak entzun eta jasotzea”.

Ohi bezala, hainbat postontzi jarri dituzte herrian barna, bileretara joateko aukerarik izan ez, baina aurrekontuen eta proiektuen inguruan proposamenak egin nahi dituzten herritarrentzat. Proposamenak internet bidez ere egin ahal izango dira, partehartu@zarautz.eus posta elektronikoz bidalita edo udaleko webgunean Parte Hartu atalaren bitartez. Postontzietan eta internet bidez proposamenak egiteko epea irailaren 15etik urriaren 5era egongo da zabalik.