Martxan dira berriro Udaberri Jubilatuen Elkarteko ekintzak

Kirolarekin, entretenimenduarekin nahiz kulturarekin lotutako ikastaroak berrartuko dituzte Udaberri Jubilatuen Elkartean, eta hainbat irteera ere antolatu dituzte.

Udako etenaren ostean, gaur ekingo die berriz Udaberri Jubilatuen Elkarteak asteroko jarduera eta tailerrei. Hala, ohiko egun eta orduetan tai chi, bingo, yoga, abesbatza, fitness, meditazio eta laborterapia saioak izango dira. Horrez gain, eguneko irteerak antolatuko dituzte noizbehinka, eta irteera luzeagoak egiteko aukera ere izango da. Itsasbidaia bat egitekoak dira irailean eta, urrian, Galiziara joango dira (bidaia horretan izena emateko bada lekua oraindik), esaterako.

Informatikako ikastaroak urrian hasiko dira, eta izena eman nahi duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak, bihartik aurrera eskuragarri izango du Zibergelan.

Ikastaro gehiago eskaintzeko asmoa ere badute Udaberri Jubilatuen Elkartekoek, eta horien inguruko informazioa eraikinaren sarrerako karteldegian eta elkartearen web orrian ipiniko dute.

Informazio gehiago nahi duenak edo ikastaroren batean izena eman nahi duenak bulegora jo dezake, astelehen eta astearteetan 10:00etatik 12:00etara eta asteazkenetan eta ostegunetan 16:00etatik 18:00etara.