Gorka Aranberri: "Kontxa bakoitzak sekulako lana eta zailtasunak ditu atzetik, baita azken honek ere"

Urdaibaiko arraunlariak pozez lehertzen, Kontxako bandera irabazi berritan; eskuinean Aranberri patroia, bandera astintzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zazpigarren Kontxako bandera irabazi berritan, pozarren agertu da Gorka Aranberri patroi zarauztarra. Berezia izan da beretzat Urdaibaira itzuli den urtean oihal preziatua eskuratzea, zazpi Kontxetatik bost eskuratu baititu Bermeoko taldearekin.

Arraunaren historian lehendik ere tokia eginda bazeukan ere, urrats bat aurrera egin zuen Gorka Aranberri patroi zarauztarrak atzokoan: zazpigarrenez Kontxako Bandera irabazita, bigarren kokatu da Kontxa gehien eskuratu dituztenen sailkapen historikoan, Aita Manuelen atzetik. Lorpenaren biharamunean, pozarren agertu da patroia eta, aldi berean, gogotsu dago ligaren amaierari begira, Urdaibairekin denboraldia borobiltzeko.

Aurreko jardunalditik ateratako aldea eta atzoko nagusitasuna ikusita, kanpotik zirudien erraz eskuratu zenutela Kontxako Bandera. Zer moduz joan zen estropada barrutik?

Kanpotik erraza dirudi, distantziagatik batez ere, baina hemen erraza ez da ezer. Ikusi genuen kanpoko ziabogetan Donostiarengandik segundo bat atzetik ginela, eta nahiz eta aurretik aldea atera, nahiko kontrolpean eraman genuen estropada, dena ematera atera ginelako. Hori zen gure plana, aurkariari aukerarik ez ematea. Bagenekien abantaila geneukala, baina apur bat lagaz gero aurkaria gora etorriko zitzatekeen, eta gure helburua zen estropadaren lehen erdia gogorra egitea, bueltarako aurkariari morala jan eta aurretik geneukan abantailarekin jokatzeko.

Atzoko estropada hasi zenerako bazenekien irabaziz gero zure lorpenen zerrendan pauso garrantzitsua emango zenuela. Presio gehigarria eragin al zizun horrek?

Ez dut uste. Aurretik irabazitakoak ez ditut ahazteko, baina denboraldiz denboraldi joan ohi naiz, eta aurreko urteetan irabazitakoak hor badaude ere, aurten aurtengoarekin pentsatu dut. Irabazi ondoren bai, egiten dituzu kontuak eta ohartzen zara zer den zazpigarren Kontxa irabaztea. Bakoitzak dauka bere xarma, sekulako lana eta zailtasunak atzetik, baita azken honek ere.

Hori bai, atzokoa gozatzekoa izan zen. Itzulerako luzean aspaldi ez bezala sentitu ginen. Normalean, Kontxan bukaerak estuak izaten dira, eta atzo gozatzea tokatu zitzaigun.

Aurreko bi Kontxak Santurtzirekin eta Oriorekin irabazi zenituen, eta atzokoarekin, bost irabazi dituzu Urdaibairekin. Berezia izan al da bermeotarrekin irabaztea berriro?

Bai, noski. 2011n joan nintzen Urdaibaira, eta lehenengo urtean Kontxa irabazi genuen. Taldearen bigarren Kontxa zen, aurreko urtean irabazi baitzuen lehena, eta 2011z geroztik irabazi dituen guztiak nirekin izan dira. 2016an utzi nuenean zeuden taldekide askok hor jarraitzen dute, eta harrezkero irabazi gabe zeuden beraiek. Ni bueltatu eta Kontxa irabaztea oso berezia izan da bai beraientzat, baita niretzat ere.

Etxean bezala sentituko zara, orduan.

Bai, sei urtez egon nintzen eta aurten bueltatu naiz berriro. Azkenean, Zarauzkoaren ondoren, urte gehien pasatu ditudan bigarren elkartea da. Zazpigarren urtea da aurten, eta lehengo zuzendaritzakoek, jarraitzaileek, arraunlari askok... hor jarraitzen dute. Itzuli nintzenean denak ezagunak ziren niretzat, eta berezia izan da Kontxa beraiekin irabaztea.

Ligaren amaierara begira egongo zara orain, ezta? Hor ere lider zarete.

Donostiarekin borrokan genbiltzan bigarren postuan, baina Getariako estropadan gertatu zenaren ondoren lider jarri ginen, eta nik uste dut orain arte oso ondo eutsi diogula errenta horri. Hiru puntuko aldea daukagu, eta bi estropada geratzen zaizkigu, baina bi estropada oso konplikatu dira. Liga irabazi nahi baldin badugu, oso maila ona eman beharko dugu. Ikusi dugu Donostiarrak zer eman dezakeen, Kontxarako oso sasoi onean iritsi da, eta Hondarribiak Kontxan bere benetako maila erakutsi ez badu ere, badakigu zer egin dezakeen, eta gogor etorriko da datozen asteburuetan.

Atzo aparretan zineten, baina orain sufritzea tokatzen da berriro ere.

Bai, azken astea geratzen da. Jendea pozik dago ordea, eta jendea pozik dagoenean gauzak errazago egiten dira. Ontziak puntu egokia bilatu du, badakigu orain Kontxan ateratako eskifaia berdina ezingo dugula ligan atera, baina kanpoan geratu direnek ere maila oso ona daukate eta nik uste dut asteburuan ere maila polita emateko gai izango garela.