ZKE Eskubaloiak eginiko lana eskertu dute udalak eta Udaberrik

Jubilatuen elkarteko taberna kudeatzeko epea larunbatean bukatu zitzaion eskubaloiko atalari, uda osoan zeregin horretan aritu ondoren.

Udan zehar Zarautz Kirol Elkartearen eskubaloi atalak kudeatu du Udaberri zentroko taberna-jangela, Zarauzko Udalak egindako lagapenari esker. Lagapen epea irailaren 9an bukatu zen; Euskal Jai Eguna izan zen  haien azken eguna, hain zuzen ere. Eskubaloi ataleko batzordekideen eta elkartearekin lotura zuzena duten kideen borondateari nahiz konpromisoari esker aurrera atera den lana izan da.

Hori horrela, udalak eta Udaberri Jubilatuen Elkarteak eskerrak eman dizkie Zarauzko Eskubaloiari azken hilabete hauetan espazio horretan eskaini duten zerbitzuarengatik, dela jubilatuen elkarteko ohiko erabiltzaileei dela bertaratu den edozein zarauztarrei. Lagapena amaituta, garbiketa eta egokitzapen lanak egingo ditu orain udalak.