'Lunana, un yak en la escuela' filma emango dute jatorrizko hizkuntzan

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 13a, 10:00

Udako etenaldiaren ondoren, berriro ekingo diote asteartetako zikloari. Ikasturteko lehen filma Pawo Choyning Dorjiren opera prima izango da ikusgai, gaztelaniazko azpitituluekin.

Lunana, un yak en la escuela filmak gertuko istorio bat du kontagai, orain arte ikusiak izan ez diren Bhutango paisaietan barrena. Ugyen irakasle gaztea da aipatu herrialdean, eta bere eginbeharrak albo batera uzteko asmoa du, Australiara joan eta abeslari bihurtzeko. Zigor gisa, bere nagusiek munduko eskolarik urrunenera bidaltzen dute, Lunana izeneko Himalaiako herrixka glazialera.

Pawo Choyning Dorjiren filmak Oscar sarietarako izendapena jaso zuen, nazioarteko ekoizpenen arloan. Ikusle guztientzat zuzenduta dago, eta bereziki familia artean ikusteko gomendagarria da. Modelo aretoan emango dute gaur, 20:30etik aurrera.