Izena eman daiteke Jabetze Eskolako ikasturte berrian

Emakumeentzako Jabetze Eskola. (Hitza)

Urrian hasi eta abendura bitartean hamar ikastaro eskainiko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Horiei buruzko bilera informatiboa egingo dute etzi, osteguna, Emakumeen* Etxean .

Ikasturtea hastearekin batera, Emakumeen* Etxeak Jabetze Eskolaren eskaintza berria aurkeztu du. Beste urte batez ikastaro eta jarduera ugari antolatu ditu herriko emakumeei zuzenduta, ahalduntzea oinarri nagusi hartuta. Horretarako, saio irekia egingo dute ostegun honetan Emakumeen* Etxean bertan, 19:00etan hasita, ikasturtearen nondik norakoen eta zerbitzuen berri emateko. Jabetze Eskolako irakasleek bertan izango dira eta ikastaroen xehetasunak emateaz gain, bertaratzen direnen galderak eta zalantzak argituko dituzte.

"Jabetze Eskolako ohiko ikastaroez gain, abendura bitarteko egitarau oso bat ere prestatu dugu: hitzaldiak, dokumentalak, elkarguneak, erakusketak... Horrela, berdintasunean eta emakumeon ahalduntzean aurrera egiteko eta feminismotik hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta gozatzeko gunea eskaini nahi dugu", adierazi du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.

Guztira, hamar ikastaro hauek eskainiko dituzte urtea amaitu bitartean: Emakumeok kantuan, Intercambio de saberes, Biolentzia matxista ezagutzera eman (gaztelaniaz), Literatur eskola feminista, Emakume migratzaileentzat online tramiteak (gaztelaniaz), Atsoen errana da… Ipuinak emakumeon jabetze tresna, Tratu onak harremanetan, Lupapean! Estereotipoak eta pubizitatea (gaztelania), Bizi zeure gorputza! eta Elkar ulertzea: komunikazio asertiboa.

Horieez gain, Emakumeen* Etxean honako ahalduntze taldeetara batzeko aukera dago: Puntuterapia taldea, Emakume migratzaile eta zaintzaileentzat espazioa (gaztelaniaz), Elkarrekin goaz! Espazio bat konpainian (gaztelaniaz) eta Desgaitasuna duten emakumeen taldea (gaztelaniaz).

Izen emate epea atzo zabaldu zuten eta hilaren 23ra arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi dutenek Emakumeen* Etxera (Nafarroa kalea, 3) jo dezakete, 943-00 51 36 telefono zenbakira deitu edo emakumeen-etxea@zarautz.eus posta elektronikoz idatzi. Jabetze Eskolari buruzko informazio gehigarria Parekidetasun departamentuaren blogean topatu daiteke.