Zabalik dago udaleko 4. Parekidetasun Planari ekarpenak egiteko epea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 14a, 10:53
Emakumeen* Etxean aurkeztu zuten atzo planaren zirriborroa. (Amaia Urbieta Arruti)

Planaren zirriborroa aurkeztu zuten atzo herritarren aurrean, eta irailaren 30era arte izango da ekarpenak egiteko epea. Txostena osorik irakur daiteke hemen.

Zarauzko 4. Parekidetasun Planaren zirriborroa aurkeztu zuten atzo Parekidetasun departamentuko ordezkariek eta plana osatzeaz arduratu den Daiteke Gizarte Aholkularitzako arduradunek. Adin ezberdinetako hainbat emakume bertaratu ziren Emakumeen* Etxera azalpenak entzutera, eta mahai gainera ateratako gaien inguruko hainbat iritzi trukatu zituzten elkarren artean.

Aurkezpenera bertaratu ez ziren herritarrek hemen klikatuta ikus dezakete planaren zirriborro dokumentua eta ekarpenak egin ditzakete, udalaren web orriaren bidez edota berdintasuna@zarautz.eus helbide elektroikora idatzita. Irailaren 30era arte egongo da zabalik horretarako epea.

Txostenak arlo ezberdinetako udal teknikarien iritziak jasota zehaztutako hainbat helburu estrategiko biltzen ditu, eta horiek bete ahal izateko 88 ekintza aurreikusi. Ekintza horiek guztiak lau ardatzetan banatuta daude, eta 2023tik 2027ra, horiek gauzatu beharreko une eta denbora tartea zehaztuta dakartza txostenak.

Ekintzak banatzen dituzten lau ardatzak dira gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte antolakuntzaren eraldaketa eta indarkeria matxistaren aurka egin beharreko urratsak.

Ardatzez ardatz

Gobernu onaren atalak udalaren dokumentazio eta komunikazio arloan genero ikuspegia kontuan hartzeari egiten dio erreferentzia. Besteak beste, proposatzen diren neurriak dira komunikazio ez sexista bermatzea udalaren adierazpenetan, berdintasun klausulak txertatzea lehiaketa publikoetan eta udalaren ikerketa txostenetan generoari dagozkion hiru aldagai hartzea kontuan: emakumeak, gizonak eta ez bitarrak. Bestetik, 50 langiletik gorako enpresa izanik, udal langileei eragingo dien Berdintasun Planaren berrikuspena ere barnebiltzen du ardatzak. 

Beste hainbat punturen artean, Emakumeen* Etxea indartzea eta egonkortzea du helburu emakumeen ahalduntzearen ardatzak. Herriko neska gazteei eskaintzaren berri ematea dute xede Parekidetasun departamentuko arduradunek, izan ere, bileran azpimarratu zutenez, "bereziki zaila" egiten zaie haiengana heltzea. Horrez gain, ekintzen artean dago, esaterako, herriko eraikin publikoen erabilera eta antolaketa aztertzea genero ikuspegitik, egin beharreko egokitzapenak zehazteko; baita Zarauzko emakumeek historian egindako ekarpenak ikertzeko eta jasotzeko beka bat ere.

Ekonomia eta gizarte antolakuntzaren eraldaketa landuko duen ardatzak hezkuntzan egin beharreko esku hartzeei egiten die erreferentzia alde batetik eta, bestetik, gizonekin erantzukidetasunari eta maskulinitateari buruzko hainbat lanketa egitea ere aurreikusten da. Bestetik, zaintza diagnostiko bat egitea ere jasotzen du planak, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen diren herritarren argazkia osatzeko.

Azkenik, indarkeria matxista kasuei erantzuteko protokoloa berrikustea eta osatzea jasotzen du planak, baita indarkeria mota hori jasan duten emakumeen taldeak osatzea ere.