Hondartza garbitzen ari dira herriko ikasleak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 15a, 15:29

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko arduradunen laguntzaz, hondartzan topatutako plastikoak bilduko dituzte herriko ikastetxe guztietako ikasleek. Gaur hasi dira egitasmoarekin eta, azarora bitartean, hainbat saio egingo dituzte.

Gaur hasi eta gutxi gorabehera azarora bitartean, Zarauzko ikastetxe guztietako ikasleak hondartza garbitzen ariko dira, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko arduradunen laguntzaz. Pandemiak etena eragin bazuen ere, urte asko daramate udalak eta ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hau egiten. Marea baxu dagoenean, kanal inguruko eremua garbitzen dute, itsasoa garbi mantentzearen kontzientzia lantzeko helburuarekin.

Gaur lehen bi taldeak aritu dira lanean eta, guztira, hemezortzi saio egingo dituzte datozen asteetan. LH 5 eta 6, DBH, Lanbide Heziketa eta Batxillergoko ikasleak ariko dira hondartza garbitzen. Guztira, 705 ikaslek parte hartuko dute egitasmoan.

Begien bistan geratzen diren plastikoak jasotzeaz gain, mikroplastikoak ere jasotzen dituzte galbaheen laguntzaz eta, ondoren, ikertu egingo dute bildutako plastikoa, nondik datorren jakiteko.

Irudietan ikus daitezke Oteitza Lizeo Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasleak, gaurko garbiketa saioan.