Alderdiren Astea antolatu du EAJk

Alderdiko hainbat kide omenduko ditu Zarautz Uri Buru Batzarrak ostegunean, eta Arantxa Tapiak hitzaldia eskainiko du hilaren 27an, Batzokian.

Zarautz Uri Buru Batzarrak Alderdiaren Astea antolatu du aurten ere, Alderdi Egunaren harira. "Batzokiko jarduera dinamizatzea eta zarauztar guztiengana gerturatzea" da helburua, eta ekitaldi sorta antolatu dute datozen egunetarako.

Ostegunean omenaldia egingo diote lau alderdikideri: Jacinta Lopez de Luzuriaga, Jose Maria Garmendia, Maria Jesus Iribar eta Loren Valenciagari. 19:00etan izango da ekitaldia, Batzokian. Omenaldiaren ondoren, Xabier Arzalluzen bizitza politikoari buruzko bideo emanaldia eskaiiko dute. Igande honetan, berriz, Forondako zelaietan ospatuko den Alderdi Egunera joateko autobusa jarri dute. 09:00etan aterako da Batzokiaren aurretik, eta Batzokian bertan eman beharko da izena, aldez aurretik. Irailaren 27an amaituko dituzte ospakizunak, Arantza Tapia EAJko kide eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak eskainiko duen hitzaldi-elkarrizketa politikoarekin. Batzokian izango da hitzordu hori ere, 19:00etan.

Zarautz Uri Buru Batzarrak ekitaldietan parte hartzera animatu ditu herritarrak, eta "giro paregabea" ziurtatuta dagoela aurreratu du.