Herriaren mamia berrinterpretatuz

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 16a, 09:30
Egaña, Mantxi eta Alberdi, emanaldiaren prestaketa lanetan. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko gertaera zahar eta ez horren zaharrak ardatz hartuta, ariketa jolastia eramango dute Modelo aretoko oholtzara gaur iluntzean Egaña eta Mantxi bertsolariek eta Alberdi historialariak. 

Herriko pasarteak, bitxikeriak eta zelebrekeriak entzun zaleak direnek hitzordua dute gaur iluntzean Zarautzen. Bertsolaritza eta herriaren historia uztartuko dituzte Herrimamituz izeneko saioan Iñigo Mantzizidor Mantxi, Andoni Egaña eta Xabier Alberdi zarauztarrek. Bat-bateko bertso saioa izango da, baina historiako une eta pertsonaia zehatzen roletan ipiniko ditu Alberdik bi bertsolariak. Historia, "zentzu zabalean hartuta". Alegia, Zarautzen esanguratsuak izan diren hainbat pasarte eta, beharbada, herritarrentzat batere ezagun ez direnak taularatuko ditu Alberdik lehenengo, eta testuinguru horretan kokatuta, dagokien pertsonaia hezurmamitu beharko dute Mantxik eta Egañak edota, gaiaren arabera, gaur egungo begiekin begiratu beharko diete orduko gertaerei. 

Modelo aretoan izango da emanaldia, 20:00etan hasita, eta sarrerak eskuragarri daude Kutxabanken sarrerak erosteko Interneteko atarian (tickets.kutxabank.es), sei euroan.

Zarautzen historia bertsolaritzarekin uztartuko zuen emanaldi bat egitearen ideia pandemia garaian bururatu zitzaion Mantxiri. Erlo Telebistan Alberdi historialari eginiko elkarrizketa bat ikusi zuen, eta une hartan beste gairik ez zenez, inguruotan mende batzuk atzera eginda izandako pandemiez mintzatu zen orduko hartan Alberdi. Beste hainbat konturen artean, azaldu zuen nola duela ehunka urte Zarautzek Getariako auzo bihurtu behar izan zuen, pandemia batek eragindako biztanleria galera erraldoiaren ondorioz. Pasadizo hark txundituta utzi zuen Mantxi, eta soka hari tiraka hasi zen forma ematen ideiari. Egaña eta Alberdi haren bidelagun izateko prest azaldu ziren, eta hainbat kontugatik uste baino geroago taularatuko badute ere, iluntzerako gogotsu daude hirurak. 


Historialari eta gai jartzaile

Egaña eta Mantxi gaur iluntzean ariko dira lanean, buruari eragiten eta kantuan, eta aurretik egin ditu etxeko lanak Alberdik. Aurreratu du gaiek ez dutela ordena zehatz bat jarraituko. Bere historialari lanari oso lotuta egonagatik, ohikoagandik apur bat aldentzen den lana egokitu zaio oraingoan Alberdiri, baina "ideia polita eta formatu interesgarria"  iruditu zitzaion hasieratik.

"Historialariok hitzontzi batzuk gara, eta askotan kostatu egiten zaigu egiten dugun lana hedatzea. Artearekin uztartzea izan daiteke modu bat bertsozale diren herritarrei baina, agian, historiarekiko ardura berezirik sentitzen ez dutenei zenbait jakintza helarazteko", azaldu du. "Baita alderantziz ere", gehitu du Egañak, historiazaleak bertsolaritzara hurbilaraz ditzakeela iradokiz.  

"Bi planoak nahasten" asmatu beharko dute. Izan ere, Alberdik jarriko duen gai bakoitza historia lezio labur bat izango da eta, ondoren, pasarte edo egoera horren interpretazio librea egin beharko dute Mantxik eta Egañak. "Ariketa jolasti bat" izango da emaitza, Mantxiren arabera.


"Azkenean, historia errelato bat da, geure burua ulertu ahal izateko eraikitzen duguna",  azaldu du historialari zarauztarrak. "Denok gara izaki historikoak, denok jaso dugu motxila bat, eta askotan, geure jakin-minetik datozen galderak egiten dizkiogu historiari. Zentzu horretan, interesgarria iruditzen zait artistak daukan askatasuna. Historialariak ez dauka askatasun hori. Muga batzuk dauzka, eta hauek [bertsolariak seinalatuz] nahi dituzten mugak pasatu ditzakete, lizentziak hartu". Objektibotasunaren eta interpretazio askearen arteko konbinaketa hori "oso interesgarritzat" du Alberdik.


Gaurkotik haragoko beste emanaldirik ez dute lotuta oraindik, baina Zarautzekin egingo dutena beste hainbat udalerrirekin egiteko modukoa dela uste dute hirurek. Gipuzkoako itsasaldeko herrien historian jantzia da Alberdi, eta bi bertsolariak zarauztarrak badira ere, inguruko herrietako kontuetara moldatzeko moduko kamaleoi izaera zailduta daukate biek ala biek.