Gaur bertan estreinatuko dute El vasco filma Zinemaldian, Zinemira sailean. Eta hantxe izango da istorio horretako protagonistaren amonarena egiten duen Itziar Aizpuru (Getaria, 1939) aktorea. "Adin honekin, beti amonaren paperak ematen dizkidate", esan du umoretsu. Aizpurua ez da, ordea, askok buruan duten ohiko amona. Herenegun bertan 07:30ean atera zen etxetik, eta 20:00ak pasata itzuli, Donostian pelikula bat filmatzen aritu ondoren. "Gorputzak eutsi eta aukerak suertatu bitartean" hala jarraituko duela esan du.
Estreinaldirako prest?
Beharko. Lan eta lan ibiliko naiz goizetik, eta arratsaldean tarte bat hartuko dut arropaz aldatzeko eta.
Proiektuz proiektu zabiltza, ezta?
Zorionez, bai. Paper txikiak dira, baina berdin dit, paper politak dira. Gainera, niretzat denak dira garrantzitsuak; egun bakarreko lanak ere bai. Verano en rojo filmean aritu naiz, Buenas compañias lanarekin nabil orain, eta Cristobal Balentziagari buruzko seriean ere banabil. Getariarra naiz eta ilusio handia egin zidan lan horretan parte hartzeak. Balentziagaren amaren papera egiten dut han.
El vasco filma aurkeztuko duzue, eta Joseba Usabiaga aktorea da protagonistetako bat. Zuk zer paper duzu?
Nik, beti bezala, amonarena egiten dut. Filmak kontatzen du duela 30 edo 40 urte Argentinara joan zen familia baten istorioa. Oso polita da, eta gainera, hemengo familia askok bizi izan duten egoera kontatzen du.
Zinemaldian gehiagotan ere izana zara; Loreak filmarekin, adibidez. Nolako esperientzia izaten da?
Alfonbra gorria zapaldu genuen, eta niretzat esperientzia berria izan zen. Jendea galdezka, agurtzen eta musuka... Oso ondo hartzen gaituzte beti. Sumatzen dut kariño hori. Gainerakoan, neu ez naiz Zinemaldira joan zalea, zinemazalea izan arren.
82 urte dituzu, baina erretiratzeko asmorik ez...
Ezta pentsatu ere. Gustura egiten dudan zerbait da; filmatzen ari naizenean inongo minik ez dut sentitzen, kar-kar.