Hainbat hitzordu izango dira Mugikortasun Astearen barruan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 16a, 11:00

Txirrindulari Txikien Eguna izango da bihar, Salbideko jaien barruan. Horrez gain, bizikletak konpontzeko tailerra eta Autorik Gabeko Eguna izango dira datorren astean.

Mugikortasunaren Europako Astea hasten da gaur eta, Zarautzek ere bat egingo du aste horrekin, Konbinatu eta mugitu! lelopean.

Txirrindulari Txikien Eguna izango da bihar, Salbideko jaien barruan. Zarauzko Zikloturista elkartearen laguntzaz, Salbide parkean hasi eta amaituko den bizikleta martxa egingo da, 6-12 urteko haurrei eta haien familiei zuzendua. "Oinezkoekin eta ibilgailu motordunekin bizikidetza" bultzatuko duen ibilbidea osatuko dute, eta festa giroan borobilduko dute ekintza, hamaiketakoarekin eta oparien zozketarekin.

Datorren asteazkenean, bizikleta konpontzeko tailerra izango da Lege Zaharren Enparantzan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren eskutik. 16:00etatik 20:00etara izango da tailerra. Hurrengo egunean, Autorik Gabeko Eguna ospatuko da eta, hori dela eta, doakoa izango da Hiribusa.

Ekintzak iragartzearekin batera, Zarauzko Udalak gogorarazi du "Mugikortasun Jasangarriaren Planari azken xehetasunak zehazten eta Europako Next Generation funtsetarako eskaerak aurkezten" ari direla Mugikortasun departamentuan.  "Honekin batera, Mugikortasunaren Europako Asterako prestatu ditugun ekimen hauen bitartez, herritarren artean mugikortasun jasangarriaren bidean denon artean pausuak ematen jarraitzearen beharraz kontzientziazio lana egin nahi dugu", azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.