Nafarroako kaleko ezkiak mantenduz hoditerian aldaketak egin daitezkeen aztertzeko eskatu du Arkamurkak

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 17a, 09:18
Nafarroa kaleko zuhaitzak. (Aritz Mutiozabal)

Euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak egiea "bidezko" jo du natur taldeak, baina nola egin hobeto aztertertu behar litzatekeela uste du. Kritikatu egin du udalak dagoeneko lanok hasi izana, herritarren kezkak eta iritziak entzuteko betarik hartu gabe.

Zarauzko Nafarroa kaleko bi espaloietan dauden ur hoditeriak aldatzeko asmoa du udalak, eta erakundeak jakinarazi duenez, egin nahi dituzten espaloi ondoan dauden ezkiak kentzea eskatzen dute. Arbola horiek moztearen aurka Tiloak plataforma herritarra sortu dute. Arkamurka natur taldearen esanetan, "plataforma horren eraginez, herrian esamesa handiak sortu dira, gehienak moztearen aurkakoak". Eta horren guztiaren harira, natur taldeak bere iritzia plazaratu du.

Arkamurkak "bidezko" ikusten du euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak egitea, batik bat jada hondatuak baldin badaude. Harritu egin du, ordea, "ohikoa ez denez", udal ordezkari bat akuiferoaz arduratzen ikusteak. Normaltzat jo du, baina, zuhaitzen sustraiek hoditeria horren hondamendian parte izatea, sustraiak ura dabilen tokietara luzatzen baitira; beti ere, asfaltoak eta makinak astunek konpaktatutako lurzorutik ihesi. Natur taldearen irudiko, ordea, hori jakingo zuten ezkiak eta hoditeria hain hurbil sartu zituztenek, eta adierazi du oraingo agintariei dagokieela "ordukoen okerra zuzentzea".

Arkamurkaren hitzetan, kontua da, nola egin. "Erakunde publikoek eta pribatuek ohitu gaituzte lanak handizki egiten, dena bota eta lehentasuna lana lasai egiteari emanez. Egia esan, edonork nahiko luke lana horrela egin: arbolak ipurditik atera, induskatzeko makina sartu lasai eta enbarazurik gabe jardun. Baina, kasu honetan, begiratu behar da ea hoditeriaren aldaketa egin ote daitekeen ezkiak mantenduz; beste arrazoi askoren artean, aurtengo udak erakutsi duelako zein beharrezkoa den itzala herri-hirietan".

Patxi Elola zinegotziak esandakoei egin die erreferentzia, haren arabera, ezin direlako ezkiak mantendu. Arrazoi nagusia da, egin beharreko lanak egitean moztuko diren sustraiek ezingo dutela arbolen egonkortasuna bermatu eta haize bolada handietan jausi daitezkeela, arriskuak sortuz. Arkamurkaren ustetan, kontuan eduki behar den gaia da, dudarik gabe. "Zarauzko hainbat parke eta espaloietako zuhaitzak udazkenero chupa-chups-ak bezala inausten ditu udalak. Ohitura deitoragarria benetan. Udaberriro metro batzuetako adaxkak ematen dituzte udazkena arte. Aipatutako ezkiak honela inausten badira, geratu zaizkien sustraien araberako adaxkak emango dituzte eta udazkenean berriro moztean ez du ematen haizeari aurre egiteko gaitasun handirik izango dutenik, sustraiek egonkortasuna mantenduko dutelarik. Hala, ezki guztiak batera moztu gabe, ezki kimatuen tarteetan berriak sartu eta handitu ahalko lirateke, pixkanaka moztuz orain daudenak. Portzierto, ez al dago bertako espezien artean herrian sartzeko espezie egokirik, parke guztiak Pyrus-ekin bete gabe? Eta zergatik sartu denak berdinak? Zergatik ez bilatu biodibertsitatea polinizazio-mota eta hazkuntza ezberdinak dituzten zuhaitzak nahastuz?".

Natur taldearen ustetan, "lorategien mantenuan hainbeste diru xahutzen den Zarautz bezalako herri batean badago zer esan eta idatzi: berdeguneak berezko lorez beteta daudenean ebakitzen dituzte, oinezkook zapaldu ezin ditugun belardiak golfeko green-ak diruditelarik; ez dago araudirik landatu behar diren espeziei buruz, ezta noiz eta nola egin behar denari buruz ere; udazkeneko inausketa basatiak urteroko ekintzak dira; biribilgune eta bestelako eremu edo elementuen trataera nahierakoa … Zarauzko lorategien azterketa interesgarri bezain zehatzak eta fundatuak egin izan dira, honi guztiari zentzua emateko. Zertarako?".

Arkamurkak jakinarazi du Zarauzko Hitzaraeko idatzia egina zuenean iritsi zaizkiola ezkien mozketak egiten hasi direla ikusten den argazkiak. "Bizkor dabil udala. Ez dugu dudan jarriko, ziur ez badakigu ere, prozedura administratibo guztiak bete dituztela lanean hasi aurretik, baina herritarren oraingo kezka eta iritziak entzuteko tartetxo bat ere eskertzekoa litzateke".