Gipuzkoako bosgarren rogainea egingo dute hilaren 24an, Pagoetan

GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatu du proba. Dagoeneko itxita dago izen-ematea, eta 236 lagunek parte hartuko dute, taldeka. Hiru orduko proba eta zortzi ordukoa egingo dituzte.

Hilaren 24an, Gipuzkoako bosgarren rogaine proba jokatuko dute Aiako Pagoeta natur parkean. GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatu du kirol proba, eta hango kide Ibon Goikoetxea izan da Zarauzko Hitzari azalpenak eman dizkiona. "Rogaine da orientazio proba mota bat. Banaka edo taldeka izan daiteke, eta Aiakoa taldeka izango da". Dagoeneko itxita dago izena emateko epea, eta 236 lagunek parte hartu dute.

Proba baino lehen, 73 baliza sartuko dituzte Pagoetan barrena, eta baliza bakoitzak puntuazio bat izango du. "Parte hartzaileek proba hasi baino ordulaurden bat lehenago jasotzen dute mapa balizen inguruko informazioaren, eta hamabost minutu izaten dituzte estrategia bat pentsatzeko". Probak irauten duen bitartean ahalik eta puntuazio handiena biltzea izango da parte hartzaileek egin beharko dutena. Batzuek hiru orduko proban hartuko dute parte —11:00etatik 14:00etara—, eta besteek zortzikoen —10:00etatik 18:00etara—. Behin denbora hori bukatuta, helmugara iristea kostatzen zaien minutu bakoitzeko puntuak kenduko dizkietela azaldu du Goikoetxeak.

Adin guztietako herritarrek parte hartuko dutela azaldu du. "Adibidez, Aian izango dira munduko txapelketan parte hartzen duten kirolariak, eta baita ni ere nire 8 urteko semearekin batera", zehaztu du.