Hondartza denboraldiaz balorazio bikaina egin du udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 19a, 09:40
Iban San Martin Zerbitzu eta Herri Segurtasuneko zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Uda sasoian jende asko etorri dela herrira nabarmendu du Iban San Martin zinegotziak, baina segurtasunari dagokionez, "oso lasaia" izan da.

Irailaren 15ean amaitu zen hondartza denboraldia, bi urte geroago erabiltzaileek normaltasunez gozatu ahal izan dutena inolako murrizketarik gabe. Zentzu horretan, atzera begirakoa eginez eta aurtengo udak eman duenari erreparatuz gero, balorazioa "bikaina" egin du Iban San Martin Zerbitzu eta Herri Segurtasuneko zinegotziak.

BPXport enpresak kudeatu du hondartzako sorospen zerbitzua, eta udako hiru hilabeteetan 500 esku-hartze inguru egin ditu. 64 pertsona artatu dira botikin zerbitzuan eta 43 pertsona eraman behar izan dituzte osasun zentroetara. Itsasoan izandako erreskateei dagokionez, hondartza denboraldia 155 esku-hartzerekin amaitu dute denboraldia.

Uda honetako "beste alderdi garrantzitsuetako bat" toldoen itzulera izan dela nabarmendu du udalak. "Denok gozatu ahal izan dugu zerbitzu honetaz eta honek Zarauzko hondartzari ematen dion kolore hain bereizgarriaz.

Denboraldia amaituta, sorospen eta toldo zerbitzuak ez dira izango. Beraz, hondartzara gerturatzen diren bainulariei kontuz ibiltzeko deia egiten zaie, eta korronte indartsuak dauden guneak saihesteko. Aldundiaren ardura den hondartzako garbiketak, aldiz, hilabete bukaeraraino jarraituko du.

Bestalde, Herri Segurtasuneko zinegotziak nabarmendu du "uda honetan Zarautzera etorri den jende kopurua altua izan" dela, baina "herri segurtasunari dagokionez, oso uda lasaia izan da".