ZKEko eskubaloi atalak Euskal Jai Egunarekin amaitu zuen Udaberri Jubilatuen Etxeko kudeaketa eta, gaurtik aurrera, jatetxe-taberna zerbitzua eskainiko ez duen arren, txoko moduko espazio bat ahalbidetuko da erabiltzaileek kontsumizio bat hartzeko aukera izan dezaten. Eguneroko prentsa ere izango da bertan, eta batzordeak mahai jokoak jarriko ditu erabiltzaileen eskura. Taberna eta sukalde zerbitzua urri amaieran eskaintzen hastea aurreikusten du udalak.
Horrez gain, gaurtik aurrera, orain arte jatetxearen terraza izan den patioko estalpea mugikortasun arazoak dituztenen ibilgailuak aparkatzeko erabiliko da. Udaberriko batzordearen eskutik, areagotu egingo dira patioko erabilera ludiko eta kulturalak. Horren inguruko informazio gehiago nahi duenak bertako bulegora jo dezake honako ordutegiak: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.