Udal aurrekontuak lantzeko parte hartze saioa izango da gaur Azken Portun

Udal aurrekontuei buruzko iazko parte hartze saioetako bat. (Zarauzko Udala)

Parte hartze prozesuarekin jarraitzeko, Santa Klaran jarri dute hitzordua gaur 18:30ean, Azken Portuko bizilagunentzat. Ekarpen eta proposamenak kaleko postontzien bidez edota Internetez ere egin daitezke.

2023ko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesuari ekin zion aurreko astean udalak, eta bigarren saioa egingo dute gaur, Azken Portun, 18:30ean. Zehazki, Santa Klarako elizan izango da hitzordua. Bertan, bizilagunen beharrak, kezkak eta ekarpenak jasotzea izango da Udal Gobernuko kideen asmoa. Hurrengo saioa asteazkenean izango da, Itxasmendiko eta Mitxelenako bizilagunei zuzenduta, Itxasmendiko auzo elkartean, gaurko ordu beran. Beste lau saio egingo dituzte datozen asteetan.

Aurrez aurreko saioez gain, hainbat postontzi jarriko dituzte herrian, herritarrek aurrekontuen eta proiektuen inguruko proposamenak egiteko. Ekarpenak Internet bidez ere egin ahal izango dira, partehartu@zarautz.eus posta elektronikora mezua bidalita edo udaleko webgunean Parte Hartu atalean sartuta.

Irailaren 15etik urriaren 5era egongo da zabalik postontzietan eta Internet bidez proposamenak egiteko epea.