Kuadrillen Eguna antolatzeko bilera irekia egingo dute etzi

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 21a, 09:00
Goitibeherak, 2017ko Kuadrillen Egunean. (Hitza)

Goitibeherak berreskuratuko dituzte aurtengo Kuadrillen Egunean, eta parte hartu nahi dutenek ostiralera arte izango dute aukera izena emateko. 

Udalak deituta, hainbat bilera ireki egin dituzte gaur artean Kuadrilla Eguna antolatzeko. Zehaztuta dago urriaren 15ean izango dela, eta orain arteko proposamenak aztertu ondoren, egitaraua ixteko eta ekitaldien antolakuntza zehazteko beste bilera batera deitu dute ostiral honetarako. Etxezabalako bilera aretoan jarri dute hitzordua, 18:30ean. 

Zenbait ekintza dagoeneko zehaztuta daude. Esaterako, Goitibeherak izango dira egun horretan duela zenbait urte egin ohi zen bezala. Parte hartu nahi duten taldeek mezua bidali dezakete goitiberak@ni.eus helbide elektronikora, edota Zinema pilotalekuan eman dezakete izena, 17:00etatik 20:00etara bertaratuta. Ostiral hau izango da horretarako azken eguna.