Kale sortu dute, San Pelaioko Kultura eta Artearen Lagun Elkartea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 21a, 13:00
IƱurritzako zelaia. (Amaia Urbieta Arruti)

Larunbatean aurkezpen ekitaldia egingo dute, Iñurritzako zelaian. Kontzertuez gozatzeaz gain, elkartearen nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Elkartearen xedea da horren ezagunak ez diren artistei plaza bat eskaintzea. 

Oso ezagunak ez diren musikari, margolari eta, oro har, artistei plaza bat eskaintzeko asmoz, Kale elkartea sortu dute, San Pelaioko Kultura eta Artearen Lagun Elkartea. Celestino Albizu zarauztarra da sustatzaile nagusia, eta bere helburua da Iñurritzako zelaian apurka-apurka formatu txikiko ekitaldiak antolatzen hastea. "Iñurritzako zelaia Zarauzko turismo zirkuitu ohikotik kanpo geratzen da, baina hondartzatik eta malekoitik harago badago beste Zarautz bat, eta inguru honek aukera asko ematen ditu", azaldu du Albizuk. Industriatik kanpo dauden taldeei, hasiberriak direnei nahiz emergenteei bozgorailua ipini nahi die Kalek. Zarauzko hainbat tabernak antolatu ohi dituzte kontzertu txikiak, eta halakoak oso egitasmo interesgarriak dira Albizuren aburuz. Arranopola kultur elkarteak erabili ohi duen formatua nabarmendu du, bereziki gustatu baizitzaion hura. 

Kontzertu xumeak, erakusketak, artistei erabilgarri gerta dakizkiekeen ikastaroak... hamaika ideia ditu buruan Albizuk  baina, momentuz, elkartea eratu eta forma hartu beharrean dago. Proiektuarekin bat egin nahi duen jendeak zer-nolako asmoak dituen jakin eta egitasmo berriei forma ematen hasiko dira datozen hilabeteetan.

Hori guztia bideratzen hasteko, larunbatean egingo dute aurkezpen ekitaldia, Iñurritzako zelaian bertan. 18:00etatik aurrera, hainbat kontzertu izango dira Iñurritzan: DJ Mario Azurza lehenik, Leok'k ondoren eta, azkenik, 20:00etan, AlligAitor's. Kontzertuak eskaintzeaz gain, elkartearen nondik norakoen berri emango dute ekitaldian bertan, eta parte hartzeko interesa duten herritarrek egunean bertan izena emateko aukera edukiko dute.