Zarautzen egoitza duen Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari erreskate ontziak irabazi du Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak ematen duen Nazioarteko Elkartasunaren XIX. Saria.
«Gerratik eta gosetik ihesi doazen migratzaileei eta errefuxiatuei, bereziki sexu indarkeriaren biktima izandako emakumeei eta haurrei, artatzeko eta laguntza emateko egiten duen lan humanitario ausartagatik» egin diote aitortza, eta, hala, 25.000 euro jasoko ditu elkarteak.
Guztira, 29 hautagai izan dira aurten, eta Aita Mariren proposamena Iruñeko Armonia Txantreana peñak aurkeztu zuen. Guztira, 42 boto jaso ditu, eta epaimahaiak erakundearen salbamendu lanaz gain, beste GKEkin egindako elkarlanak eta urtean zehar garatutako dibulgazio jarduerak izan ditu kontuan bere aldeko hautua egiterakoan.