Aurrez Gipuzkoa kalean –Oteitza Lizeo Politeknikoaren parean– egindako prozesu bera jarraituz, Jautarkol kaleko espaloiak berritzen ari da udala. Hain zuzen ere, adokin zaharrak kendu eta baldosa berriak jartzeko lanetan dihardu, "kale honetako irisgarritasuna hobetzeko".
Udalak Trabit, Trabajos Bituminosos enpresari esleitu dizkio lanak aurrera eramateko ardura, eta 30.423,22 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute. Dagoeneko kalearen alde bateko lanak ia bukatuta dituzte, eta orain bestearekin ari dira buru-belarri.
“Udalaren nahia da herrian egoera txarrean dauden espaloiak pixkanaka berritzea. Gipuzkoa kaleko espaloia berritu zen, orain Jautarkol kalearen txanda iritsi da eta, etorkizunean, aldatzeko beharra daukaten beste batzuekin jarraituko dugu”, adierazi du Iban San Martin Obra Txiki eta Zerbitzuen zinegotziak.