Catering zerbitzu zirkularra

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 21a, 09:40
Eutxourreiko kideak, aurtengo Azpeitiko saninazioetan, herri bazkaria prestatzen. (Andoni Elduaien)

Irabazi asmorik gabeko catering zerbitzua eskaintzen du Eutxourreik. Herri mugimendutik sortutako elkartea da, eta gaur egun, bertako ekoizleen produktuekin bakarrik lan egiten du.

Badira dozena bat urte Zarauzko Gazte Asanbladaren inguruan mugitzen ziren hainbat gaztek Eutxourrei Konpartsa sortu zutela. Irabazi asmorik gabe, herriz herri otordu erraldoiak prestatzen eta zerbitzatzen ibiltzen dira ordutik; bertako ekoizleen produktu ekologikoak bakarrik erabiltzen dituzte, eta, gainera, zero zabor politika dute. Gaur egun, hiru lagunek osatzen dute elkartearen "talde motorra": Josu Arrillaga Arri eta Jorge Nieto Abuelo zarauztarrek eta Idoi Berasaluze oriotarrak. Gero, eman behar duten zerbitzuaren araberako lantaldea batzen dute, gehienetan, lanik gabe dauden inguruko lagunekin. 

Arrillaga da hasieratik gaurdaino elkartean dagoen kide bakarra, eta berak eman du konpartsaren ustekabeko sorreraren berri: "Herri bazkariak prestatu behar zirenean, askotan, beste lagun batzuek eta nik hartzen genuen ardura; 70 lagunentzat edo 80rentzat otorduak prestatzen genituen. Halaxe, behin, Bilgune Feministako kideak etorri zitzaizkigun esanez estatu mailako jardunaldi batzuk antolatu zituztela Tolosan, eta ea animatuko ginen 500 lagunentzako bazkaria prestatzera. Erronka polita iruditu zitzaigun eta baiezkoa eman genien". Gogoan du Tolosako elkarte bat utzi zietela bazkari hura prestatzeko, baita prestatu zuten menua ere. "500 lagunentzako kalabaza krema, tortilla eta bizkotxoa".  

Handik hilabetera iritsi zitzaien bigarren eskaria. "Feministen topaketa bat egitekoak ziren Hernanin, eta afaria prestatzeko eskatu ziguten. Eta guk, baietz", jarraitu du Arrillagak. Han, Urdiaingo (Nafarroa) batzuk ezagutu zituzten, bazkaria prestatzearen ardura zutenak. "Ikusi genuen haiek nola zeukaten paellera bat egitura baten gainean muntatuta, eta geure artean pentsatu genuen ederra izango zela horrelako bat izatea". Hurrengo hilabeteetan, otorduren bat prestatu beharra zeukatenean, Urdiainera joaten ziren haien trasteen bila, eta erabili eta garbitu ondoren, berriz itzultzen zizkieten. "Diru pixka bat sartzen hasi zitzaigunean, halako paellera bat geuretzat egitea erabaki genuen, su batzuk erostea eta lana ondo egin ahal izateko azpiegituran inbertitzea". Horiek izan ziren Eutxourrei Konpartsaren hasierak.  


Filosofia oso bat

Urte dezente igaro dira ordutik, eta taldea bera ez ezik, taldearen filosofia ere garatzen joan dira. Hala dio Arrillagak: "Hasieran, aukeran jartzen genituen menu ekologikoa eta konbentzionala. Konbentzionala zerbait merkeagoa zenez, %99,9k konbentzionala eskatzen ziguten. Ohitura genuen Makrora joateko erosketa egitera. Brillante arroza, latako barazkiak eta abar erabiltzen genituen; esan liteke errazera jotzen genuela, produktuen jatorriari eta kalitateari gehiegi begiratu gabe". 

Pandemia baino pare bat urte lehenago, ordea, erabateko aldaketa egin zuten. "Kide berriak sartu ziren konpartsara, eta haiek mahai gainean jarri zuten bertako ekoizleen produktu ekologikoak erabiltzearen gaia. Gogoeta egin ostean, apustua egitea erabaki genuen, erabat horrela hastea, eta prezioak zertxobait igo behar bagenituen, igotzea". Zehaztapena egin du Abuelok: "Esaten dugunean prezioak igo ditugula, zentimoez hitz egiten ari gara, bertako ekoizleen produktu ekologikoak kontsumitzea ez baita jendeak oro har pentsatzen duena bezain garestia, eta platerean asko antzematen da. Bertako produktuekin prestatutako paella batek edo errioxar erara prestatutako patata batzuek ez dute zerikusirik edozein moduzko produktuekin prestatutakoekin, eta nik uste jendeak baloratu egiten duela hori". Ildo beretik jarraitu du Berasaluzek: "Beste edozein katering zerbitzurekin alderatuta, gure prezioak lehiakorrak dira, irabazi asmorik gabeko zerbitzua eskaintzen dugulako. Gastuak ordaintzeko iristen zaigu, eta soberan gelditzen den gutxi hori ustekabekoak ordaintzeko gordetzen dugu, furgoneta izorratzen zaigunerako eta. Gure asmoa sekula ez da izan honekin aberastea". 

Filosofia aldaketa beharrezkoa zela iritzi dio Berasaluzek: "Kontziente gara inguruko ekoizleentzat bultzada handia dela 1.000 lagunentzat generoa erostea, eta orain, gure produktuek izen abizenak dituzte: ogia Aiako Goiabekoei hartzen diegu, txerrikia Meagako Ezkurtxerrikoei, oilaskoa Zeraingo Lumagorrikoei, barazkiak Ametzolakoei, arroza Nafarrotik ekartzen dugu… Gure apustua hori bihurtu da, catering zerbitzu zirkularra izatea, horrenbeste aipatzen den ekonomia zirkularra sustatzea, dena bertan hastea eta bertan bukatzea". Orain, beren filosofia eta jarduna "erabat bat" datozela uste du: "Eutxorreiren hasierako helburuetako bat zen herri mugimenduari irauten laguntzea, eta modu honetan, herri mugimenduari ez ezik, herriari ere irauten laguntzen diogu".  

Horrez guztiaz gain, zero zabor politika du Eutxourrei Konpartsak, alegia, otordu bat zerbitzatzeko erabiltzen duten tresneria guzti-guztia berrebilgarria izaten dela. "Horrek esan nahi du, erabilitako ontzi, plater eta mahai tresna guztiak garbitu egiten ditugula, atzera berriz erabiltzeko. Beraz, otorduaren osteko lana ia handiagoa da otorduaren aurretik egin behar izaten duguna baino", esan du Abuelok.


Itzulera, motelagoa

Bi urte geldirik igaro ostean,  itzuli dira herrietako jaietara. Uda "polita" izan dela esan du Abuelok, baina ez dira jardun lehengo martxan. "Antzematen da familiak geroz eta egoera ekonomiko estuagoan daudela, eta euskal gazteriaren barruan gertatutako mugimenduek ere eragina izan dute", esan du Berasaluzek. Dena dela, lanerako gogoz daude Eutxorrei Konpartsako kideak, eta haiekin harremanetan jarri nahi dutenek, eutxourrei@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.