Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Urola Kostako batzarrak Minbiziaren Aurkako Astea egingo du irailaren 26tik 30era bitartean, Azpeitian eta Zarautzen. Besteak beste, “Urola Kostako pertsona gehiagorengana iritsi” nahi du elkarteak, baita herritarren artean “laguntza gehiago lortu” ere, “pazienteei eta senideei ematen zaien arreta indartzeko eta minbizia duten biztanle gehiagorengana iritsi ahal izateko”.
Alde batetik, Zarautzen herritar guztiei zuzenduriko saio praktiko bat egingo dute elkartearen Zarauzko egoitzan —Balea kalea 2. zenbakia—. Hain zuzen ere, izaera martzialeko formen praktikan oinarritutako bakarkako lan bat egingo dute, “modu estatikoan zein dinamikoan”. Praktika hori Chi Kung ariketarekin egindako beroketa estatikoan eta Tai Chiren oinarrizko dinamikan oinarritzen da, Karate-do praktiaren sarrera labur batean, hain justu. 10:30ean izango da saioa.
Bestetik, fundazio zientifikoaren 50. urteurrenaren erakusketa jarriko dute Azpeitiko anbulatorioan. Bertan, azken urteetako ikerketa onkologikoaren emaitza nabarmenetako batzuk ikusi ahal izango dira. Irailaren 26tik 30era bitartean egongo da ikusgai erakusketa.
Zarauzko jardueran parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Horretarako, 943-13 32 36 telefonora deitu dezakete interesatuek edo honako lotura honetan izena eman.
Iazko datuak
Elkarteak iazko datuak ere plazaratu ditu kaleratu duen oharrean. Eskualdeko egoitzan 102 onuradun izan ziren arreta psikosozialean 2021. urtean, eta 241 saio psikologiko eskaini zituzten. Era berean, 173 esku-hartze egon ziren prebentzio-ekintzetan.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak 1.242 bazkide ditu gaur egun Urola Kostan, eta horien ekarpenei esker, guztiz doakoak dira psikologia saioak zein arreta soziala pazienteentzat eta senideentzat. Horrez gain, 76 boluntario ari dira lanean, eta elkarteak jakinarazi duenez, horiei esker lortzen da pazienteentzako eta senideentzako doako zerbitzuak indartzea.