Kopla-sorta: 'Bikoitz'

Inaxio Uria Isasti zarauztarrak kopla sorta berria igorri du Zarauzkohitza.eus-era, Kopla handia doinuan abesteko.

-1-
Tabernan eskaera sendoa
edo agian bikaina
Baldintza betetzen duelarik
egokia da “bi kaina”

-2-
Gehien erabiltzen den eskua
omen da eskubikoa
Bestea ere lagungarri da
izanik esku bikoa

-3-
Babarrun janaren ondorioz
gorputzak hartzen du lana
Pixka bat orekatu nahirikan
horrela ba barruun jana

-4-
Euskaraz esanahi berezia
duen hitza da hamaika
Hori argitzen saiatua da
semeari ama hika

-5-
Aspaldidanik ikusten nuen
gizon hura argaldua
Orain hil dela jakin dut eta
zehazki da ar galdua

-6-
Idazteko erabiltzen dira
noiznahi hizki B larriak
Ta entzuteko baliagarri
ohi dira belarriak

-7-
Alokairuetan bezeroa
izanik apopiloa
Errekara hurbildu ezkero
han ere apo piloa!!

-8-
Ez da emea, da beltzarana
Agian da ar mairua
Eta jantziak gordetzen ditun
altzaria armairua

-9-
Sua indartsu dagoenean
ohikoa da ba kea
Ta erabat itzaltzen denean
berriro sortuz bakea

-10-
Musika taldeko partaidea
izanikan bateria
Orain gaixotu den unetikan
taldean da bat eria