"Garapena izan dugu, eta hori izango dugu erakusgai"

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 22a, 09:00
Aratz Olaizola, ezkerretik hasita bigarrena, Zarautz Trik-eko kideekin Getarian.

Apustu sendoa eginez, Lizardi kirol aretoan egingo dute bihar II. Zarautz Trik jaialdia, 18:30ean. Iazko formula bera izan arren, berrikuntzak izango direla dio elkarteko kide Aratz Olaizolak (Zarautz, 1987).

Aurtengoa bigarren Zarautz Trik jaialdia izango duzue. Lehenengoak izan zuen arrakastaren bidetik al dator?
Lehenengoarekin gure aurreikuspenak bete egin ziren, eta Zarautz Trik-eko ikasleentzat eta kideontzat esperientzia polita izan zen. Kaleko ekintzak egin ezin genituenez, hartu genuen alternatibak erantzun oso ona izan zuen. Aurten, egoera aldatu den arren, eta zorionez gure kaleko jardueretara itzuli garen arren, pentsatu dugu bigarrenez jaialdia antolatzea, guretzat oso aberasgarria izan zelako.

Egin ditugun aurreikuspenak onak dira; izan ere, iazko erreserben kopuruak gainditu ditugu jada. Ikusiko dugu ostiralean nola doan... Egia esan, iaz baino apustu handiagoa egin dugu: iaz Modelo aretoan antolatu genuen jaialdia eta aurten Lizardi kirol aretoan izango gara. Lekuak edukiera aldetik aukera gehiago eskaintzen du, eta Neomak taldea ere beste maila batean datorrenez, merezi zuen agertoki handiago bat izatea.


Apustua, bide batez, herrian trikitixarako zaletasuna gorantz datorrelako ere egin al duzue?
Bai, hori da. Zarautz Trik elkartea sortzearen helburu eta arrazoietako bat izan zen zaletasun hori herrian bultzatzea. Alde batetik, ikasleak ditugu; eta bestetik, herriko trikitilariei kalez kale aritzeko eta zaletasun horri eusteko nahiz handitzeko nahia dugu. Orduan, lekualdaketaren apustu hori egin dugu, kalean eta herritarren aldetik erantzun ona jasotzen ari garelako. Urtean zehar hogei ekintza baino gehiago antolatu ditugu kalean, jaialdiak eta ekitaldiak tarteko, eta gugana etortzen jendea gogotsu dagoela ikusi dugu; aurrera egiteko prest. Zentzu horretan, bilakaera oso positiboa ikusten ari gara.


Jaialdiak iazko ildo bera jarraituko du. Zuekin batera, Jalgi dantza taldeak eta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak hartuko dute parte, baita Neomak taldeak ere. Ongi funtzionatzen duen formula zertarako aldatu, ezta?
Halaxe da. Azkenean, guk elkarlan estua daukagu Jalgiko dantzariekin eta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kideekin –azken horiekin gelak elkarbanatzen ditugu Villa Mundan–, eta bi eragile horien ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena jaso ohi dugu. Beste talde batzuekin ere aritu izan gara, baina bi horiekin lankidetza hurbila eta ikusgarriagoa izan dugu hasieratik.

Oro har, formula bera da, baina Euskal Asteko jaialdian erakutsi genuen bezala, berrikuntza batzuk taularatuko ditugu Zarautz Trik-en aldetik. Bestalde, Neomak taldeak disko berria aurkeztu zuen duela astebete, eta Atlantikaldian eta Getxo Folk jaialdietan izan ostean, gurean joko du. Ez du zerikusirik izango iaz eskaini zuten ikuskizunarekin, bestelako zerbait izango da.


Beraz, zuek ere aurrerapausoak ematen ari zarete?
Askotan trikitixa soinuarekin eta panderoarekin bakarrik lotzen dugu. Beraz, iaz bezala, talde baten formatuarekin jarraituko dugu, ahots desberdinak lantzen trikitiekin, eta perkusioan ez gara panderora mugatuko; izan ere, beste musika tresna batzuk ikasten ari gara. Pixkanaka-pixkanaka garapena izaten ari gara, eta horixe izango dugu erakusgai.


Zure eskua hor izango da, noski. Trikiti munduan zabiltza aspalditik, hainbat taldetan jo duzu eta egun Fan&Go taldeko kide zara. Soinu tradizionalak erritmo modernoago batzuekin ere nahasten nolabait, ezta?
Hala da. Arlo akademikoan, irakasten, ni nabil elkartean eta iaztik Maria Lasa ere badabil irakasle lanetan. Bion artean aritu gara II. Zarautz Trik jaialdia prestatzen, eta saiatzen gara erritmo berriagoak nahiz modernoagoak uztartzen, edota horren entzunak ez direnak errepertorioan txertatzen; esaterako, Piriniotako kantuak edo Portugalgo talderen batenak. Betiere soinuarekin zerikusia duten gauzak erakutsi nahi dizkiegu ikasleei, hemendik kanpora ere badaudelako gauza interesgarriak. Gauzak nahastea aberasgarria da, eta irekita egon behar da gauza berrietara.


Zarautz Trik-ek trikitixak herrian galduta zuen tokia berreskuratu duela uste al duzu?
Egia esan, hala dela iruditzen zait. Gure proiektuaren helburuetako bat egoera horri buelta ematea zen, eta nik uste dut lortzen ari garela. Gainera, egin ditugun kale ekintzez gainera, orain kontuan hartzen gaituzte eta ekitaldietan edota topaketetan parte hartzeko deitzen digute. Gure tokia berreskuratu dugu, nolabaiteko ikusgarritasuna, eta horrekin batera, errekonozimendua jasotzen ari gara.