Emakumeok Martxan ekimenaren karpa jarriko dute datorren astean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 22a, 09:46
Alboan fundazioko eta udaleko ordezkariak Munoan, karpa ipiniko duten plazan. (Amaia Urbieta Arruti)

Emakume migranteek jasaten duten indarkeria ikusarazteko, hainbat tailer,
mahai inguru nahiz kultur ekitaldi izango dira datorren astean, Munoa plazan.

Alboan Jesuiten fundazioaren ekimenez eta Zarauzko Udalak babestuta, aste osoko egitaraua izango da datorren astean, Munoa plazan egokituko duten karpan. Emakumeok Martxan izenburupean, emakume migratzaileek jasaten duten indarkeria ikusaraztea eta gizartea gaiaren inguruan sentsibilizatzea ditu xede egitasmoak. 

Horretarako, Alboan fundazioak antolatutako ekitaldietan parte hartuko dute herriko hainbat elkarte eta eragilek, baita beren esperientzia kontatuko duten zenbait emakume migrantzaileek ere. Besteak beste, beren ekarpena egingo dute Zarauzko Solidaritate Koordinadorako gobernuz kanpoko erakundeek, herriko ikastetxeek eta Motxian Etxebeltz Bertsoguneak. 

Egitarauaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte gaur Iratxe Zorrozua udaleko Immigrazio zinegotziak eta Alboan fundazioko Estibalitz Madrazok eta Rebeca Villanuevak. Gogotsu agertu dira antolatzaileak datorren asterako, eta herritar guztiei egin diete karpara inguratzeko eta bertako ekitaldietan parte hartzeko gonbita. Zarautzera heldu aurretik Euskal Herriko beste hainbat herritan izan da Emakumeok Martxan ekimenaren karpa. Egitasmoaz gehiago jakin nahi duenak, mujeresenmarcha.org webgunean topa dezake informazioa. 


Erakusketak eta beste

Tailer, mahai inguru eta bestelako hitzorduez gain, une oro hainbat egitasmo izango dira martxan Munoa plazako karpan. Zehazki, hiru erakusketa ikusteko aukera izango da: Errefuxiatuak Kamerunen, hobetzeko nahia agerian uzten duten istorioak; Aingeru Zaindariak; eta Zertaz kexatzen dira? (zaintzan jarduten duten emakume migratzaileen inguruko erakusketa). 

Horrez gain, Zure arropa martxan egitasmoaren barruan, jendeak erabiltzen ez duen arropa bertan uzteko aukera izango du eta, gero, enpresa baten bitartez, emakume migratzaileen aldeko 
elkarteei bideratuko zaie arropen truke lortutako dirua. Azkenik, emakumeek migrazio seguruagoa izan dezaten ahalbidetzeko sinadura bilketa ere egingo dute. 

Egitaraua

Irailak 27, asteartea
11:00. Goyeneche Fundazioaren eta Zarauzko Garagunearen eskutik, karpari hasiera emateko kalejira. 
17:00-18:30. Familientzako arte tailerra, Margi Egiguren Alvarezen eskutik. 
19:00. Bertso saioa. Bertsolariak: Ane Labaka, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Iñigo Mantzizidor Mantxi. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. 

Irailak 28, asteazkena
17:00-18:30. Familientzako arte tailerra, Margi Egiguren Alvarezen eskutik. 
19:00. Emakumea eta migrazioa mahai ingurua, Nikaraguako, Honduras eta Kubako emakume migratzaileekin, Bide Batez elkartearen eskutik (gaztelaniaz).
 
Irailak 29, osteguna
17:00-18:30. Familientzako arte tailerra (Margi Egiguren). 
19:00. Emakumeak eta aterpetxea mahai ingurua Errusia, Ukraina eta Guatemalako emakume babesle eta ekintzaileekin (gaztelaniaz). 

Irailak 30, ostirala
17:00-18:30. Familientzako arte tailerra, Margi Egigurenekin 
19:00. Komunikazioa eta migrazioa: komunikabideen boterea mahai ingurua. Hizlariak: Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Digitaleko zuzendaria eta Marta Martinez Noticias taldeko kazetaria.
 
Urriak 1, larunbata
11:00. Yogipuinak: Ipuin kontalariak eta familientzako yoga, Maite Arreseren eskutik. 
12:00. Indiako hegoaldean lan prekarioak egiten dituzten dalit emakumeen ahotsak dokumentala eta migrazioak eragindako lan prekaritateari buruzko hitzaldia. 
19:00. Improvisional inprobisazio antzerkia, gaztelaniaz.

Urriak 2, igandea
11:30. Ipuin kontalaria. 
19:00. Urratsa eta Zein herrialdetakoa zara zu? antzezlanak. 
19:45. Clown monologoa, Beatriz Egizabalen eskutik.