Nafarroa kaleko zuhaitzen egoeraren inguruko ikerketa sakona egitea eskatu dio udalak Tecnigral enpresari, Gipuzkoako Urakek sustatutako saneamendu hodiak jartzeko proiektuak zuhaitz horiengan izan dezakeen eragina ezagutzeko. Hain zuzen ere, orain gutxi galdegin dio erakundeari Arkamurka natur taldeak gisa horretako ikerketa egiteko.
Ikerketaren lehen txostena eman die enpresak udaleko zinegotzi arduradunei eta atzo, ostirala, Tiloak plataformako ordezkariekin partekatu zuten horiek. Txostenean zehazten denez, ezkien sustraiak "oso azalekoak" dira, eta horrek eragin dezake zuhaitz horiek "hiriko gainerako instalazioekin bateragarriak" ez izatea. Sustrairik sakonena "azaleratik 50 zentimetrora" antzeman dute, hain zuzen ere. Hori dela eta, udalak azaldu du bide horretan egiten den edozein konponketa lanek sustrai horiei eragingo diela, txostenak zehazten duelako sustraien garapena "ugaria" dela, "baina baita oso azalekoa ere, sustrai pibotatzailerik gabekoa".
Horren harira, txostenean aztertu dituzten hamar zuhaitzak Gipuzkoako Urakek proposatutako obrekin "ez direla bateragarriak" ondorioztatu du ikerlanak, "egin beharreko zangak ainguratze eremu kritikoaren barruan geratzen baitira". Gaineratu dute hori egonkortasunarentzat "mehatxu larria" dela, eta "iraultzeko probabilitatea nabarmen handitzen" duela. Nafarroa kaleko zuhaiztia "zenbait arazo" sortzen ari dela ere badakar txostenak. Ezki horiek bere horretan uzteak esan nahi du "urte gutxi batzuk barru arriskuko zuhaitzak gehitzen joango direla, eta etorkizuneko esku hartzeak garrantzitsuagoak izango direla", txostenaren arabera. Azkenik, udalaren arabera, enpresa arduradunak "arrisku egoera argian" daudelako "kendu behar diren" bi zuhaitz identifikatu ditu, baina udalak ez du zehaztu arrisku horren aurrean epe laburrean ezki horiek eraitsiko dituen ala ez.
Georradar bidezko ikerketa
Tree radar izeneko teknologia erabili du Tecnigralek ikerketa egiteko. Georradar baten bitartez, lurpeko objektuak, egiturak eta abar ikertzeko edo detektatzeko balio du horrek, eta Gipuzkoako Urakek saneamendu sarea berritzeko lanak egin behar dituen eremuan dauden zuhaitzen egoera eta arriskua aztertu ditu, bata lan horiek zuhaitz horietan izango luketen eragina ere.
Udalak zehaztu duenez, "punta-puntako" enpresa da analisi mota honetan, eta aurretik ere lan egin du udalarentzat, herrian egoera arriskutsuan dauden zuhaitzak atzemateko txostena egiten eta Lorazaintzako Plan Zuzentzailerako zuhaitzak aztertzen. Nafarroa kaleko azterlanak 18.150 euroko kostua izan du.