Gutuna: Zarauzko lurpeko trenbidea noizko?

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 26a, 09:00
(Aritz Mutiozabal)

Martxel Aizpurua herritarrak honako idatzia igorri du Zarauzkohitza.eus-era. Trenbidearen lurperatzea du hizpide, eta zalantzan jartzen du epe ertainean horretarako pausorik emango ote den. 

Azken aldian lurpeko trenbidearen gaiak mugitu ditu herritarrak. Izan dira hitzaldiak, prentsaurrekoak, sinadura-bilketak, etab. Ez naiz gaur proiektu horren egingarritasunari buruz idazten hasiko, epeari buruz baizik.

Hasiko naiz esanez, geltokia bota eta handik goiti-beheiti bat egin beharrik ez nuela ikusten. Baina proiektua aurrera doa bedeinkazio guztiekin. Modu berean doa aurrera Iñurritzako apeadero berria ere. Hortik abiatzen da nire gaurko gogoeta.

Martxan diren proiektu horietan inbertituko diren diruak kontuan edukita, ez dut uste beste 20/30 urtetan inork pausurik emango duenik trenbide-zati horretako harri-kozkor bat ere mugitzeko. Hori da nire ustea, eta gainerako guztia herritarrengan esperantza faltsuak sortzea dela iruditzen zait.

Hemendik 20 urtera, batek daki zer erabakiko den.

Martxel Aizpurua