Euriak etenaldia eginda, giro ederraz gozatzeko aukera izan da gaur eguerdian Itxasmendi auzoan. Gaur amaituko dira bertako festak, eta toka txapelketa nahiz patata tortilla lehiaketa izan dira eguerdi partean. Auzotarrez gain, tokan aritu dira Bol & Tok taldeko hainbat kide ere. Txikienen gozagarri, puzgarriak jarri dituzte auzoan. Eguraldia dela eta, Orokietako pista estalian jarri dituzte horietako bi, eta atletismo pistako karparen barruan ere ipini dute haur txikientzako puzgarri bat.
Karpatik kanpo giro onaz gozatzeko aukera izan da gaur, baina atzo ez zen hala izan, sekulako euri jasa egin baitzuen egun osoan zehar. Karpa barruan egin behar izan zuten paella jana, eta arratsaldeko eta iluntzeko emanaldietan ere bertan pilatu ziren herritarrak, euriagandik babestuta.