Euskaraldia sustatzeko eta ikusgarritasuna emateko lana egiten dute batzordeek herriz herri. Zarautzen, esaterako, maiatzaz geroztik martxan da batzordea, eta ostiralean aurkezpen ekitaldia egingo dute, Lege Zaharren Enparantzan. Eguraldi txarra egiten badu, gaztelekuan izango da. 17:30ean hasita, hainbat postu ipiniko dituzte: Euskaraldiaren inguruko informazioa nahiz materiala egongo da eskuragarri, arropa ere salgai izango da, eta ariketan izena emateko aukera ere jarriko dute postuetako batean.
18:30ean hasiko da ekitaldia, eta ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Euskaraldiaren aurtengo kantua zuzenean eskainiko dute hainbat artistak. Hain zuzen ere, Xabier Zabala musikariak konposatu zuen kantua, eta Andoni Egaña bertsolariak jarri zion letra. Oholtza gainean izango dira bi zarauztarrak ostiralean, eta horiek laguntzen ariko dira herriko hainbat abeslari –Eneritz Aulestia, Marina Peral eta Xabier Saldias–, baita Alex Gurrutxaga idazlea ere. Ekitaldian parte hartuko dute beste hainbat taldek ere: Zumaiako Astindu dantza taldeak, Montetxio abesbatzak eta Motxian Etxebeltz bertsoguneak.
Euskal hiztunen erronka eta lorpenei ikusgarritasuna emateko xedearekin bat eginez, arbel bat jarriko dute ostiralean, plazatik igarotzen den edonork bere ekarpena egin dezan. Herritarrek Euskaraldiarekin lotuta erdietsitako lorpenak edota erronkak partekatzeko espazioa izango da arbela, eta ekitaldia igaro ostean, herriko ikastetxeetan jarriko dute, txandaka.