47 urte bete dira gaur Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra etakideak eta FRAPeko kide Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituela. Urteroko moduan, Txiki eta gainontzeko fusilatuak oroitzeko ekitaldia egin dute gaur, Gudari Egunez, haren hilobiaren aurrean.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatzen du ekitaldia eta elkarteko kiden den Martxelo Alvarezek gogorarazi du hitzorduaren zergatia: "Memoria mantendu behar da; ikusita mundua nola dagoen momentu honetan, nola ultraeskuindarren baloreak gero eta ageriago geratzen ari diren, azpimarratu nahi dugu faxismoaren aurkako borrokaren zilegitasuna".
Alvarezek berak hartu du hitza ekitaldiaren hasieran eta, jarraian, ohiko moduan, Txikik berak idatzitako letratik sortutako kantua abestu dute. Letraren zati bat irakur daiteke hilobian ere: Mañana cuando yo muera, no me vengais a llorar, nunca estaré bajo tierra, soy viento de libertad (bihar ni hiltzen naizenean, aieneka ez etorri, ez naiz lur azpiko amets bat, askatasun haizea naiz). Amaitzeko, aurreskua egin dute bi dantzarik hilobiaren aurrean, eta Eusko Gudariak abestu dute.