Hezegunea eta haltzadia ezagutzeko bisitek "harrera ezin hobea" izan dute

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 28a, 09:00
Bisita gitatua. (Zarauzko Udala)

Ingurumen departamentuak balorazio positiboa egin du aurtengo udan eskaini dituzten bisita gidatuen inguruan. Guztira, 169 parte hartzaile izan dituzte.

Eraztun Berde Urdinaren barruan, Ingurumen departamentuak bisita gidatu berri bat eskaini du uda honetan, ohiko Iñurritzako biotopoaren eta Zingira Basoaren bisitekin batera: Irita-Astiko hezeguneak eta Buztinzuriko haltzadia ezagutzeko aukera. Bisita berri honek "harrera ezin hobea" izan du. Aurten, 169 pertsonak parte hartu dute udako bi hilabeteetan eskaini diren bisita gidatuetan, eta parte-hartzaileen gehiengoa Euskal Herritik kanpokoak izan direla zehaztu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. Hori horrela, balorazio positiboa egin dute.

“Gure helburua da herritarrek eta bisitariek Zarauzko biodibertsitatea babesten laguntzea, eta horretarako funtsezkoa da biodibertsitate hori ezagutzea, gure herriaren altxor naturalak ezagutzea Izan ere, ezagutzen eta baloratzen dena bakarrik zaintzen eta babesten da", nabarmendu du zinegotziak. Bisiten beste helburuetako bat da "naturarekin harremanetan jartzeko aisialdi aukera osasungarria eskaintzea", eta bisitarien aldetik jarduera berriak antolatzen jarraitzeko eskaerak jaso dituztela azaldu du: "Beraz, Eraztun Berde Urdinean aisialdirako proposamen berriak eta ikuspegi tematiko berriak aztertzen ari gara".

Informazio kanpainak

Bisita gidatuez gain, bi informazio kanpaina egin dituzte udan zehar; bata, hondartzan zigarrokinik ez botatzearen garrantziaz kontzientziatzeko kono biodegradagarriak banatu zituzten, eta bestea, biotopoa zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko, babestutako gune horretan sartzeko debekuaz ohartaraztekoa izan zen.

“Urtero Iñurritza ibaiaren ertzetan edo dunan sartzen den jendea aurkitzen dugu eta hori saihesteko informazio kanpaina bat egin nahi izan dugu hondartzan bertan eta kartelen bidez biotopoan zehar eta kanpinetan. Esan dezakegu kanpainak oso ondo funtzionatu duela, beste urte batzuetan baino askoz jende gutxiago ibili baita biotopoaren barruan. Oraindik ahalegin handia egin behar da txakurrak leku horietan aske ibil ez daitezen, landarediari eta hegaztiei kalte handia egin baitiezaiekete”, azaldu du Vazquezek.