Tiloak plataforma: "Txostenaren irakurketa zehatzak aurkakoa dio"

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 28a, 10:00
Nafarroa kaleko zenbait ezki moztu zituzten joan den astean, hodi leherketa baten ondorioz. (Aritz Mutiozabal)

Plataformako teknikariek bi alternatiba proposamen aurkeztu dituzte, ezki zuhaitzak moztu gabe, lanak aurrera eraman egin ahal direnak.

Tiloak plataformak adierazi du udalak argitara eman duen azterketa "zuhaitzen mozketaren aurka mobilizatu ondoren" egin dela, eta ez aurretik, "ezkiak moztu gabe lan horiek nola egin daitezkeen baloratzeko".  Udalaren esanetan, txostenak zuhaitzak moztea onesten badu ere, "txostenaren irakurketa zehatzak aurkakoa" dioela azaldu du plataformak. Haien esanetan, "udal teknikariek txostenaren ondorioak faltsutu egin dituzte, korrika eta presaka herritarren aurrean beren erabakia justifikatzeko".

Txostena aztertu ondoren, ondorio batzuetara iritsi dira plataformako teknikariak. Hala, bi alternatiba proposatu dituzte, ezkiak moztu gabe egin daitezkeenak; bata, azpiegitura berriak jarri daitezke, 55  zentimetroko kotatik behera, zuhaitzen sustrai-sistema kaltetu gabe, eta bestea, zanga errepidetik eginda. "Sustrai-sistemaren eremua kritikoa dela dio (2,94tik 6,11 bitartekoa), eta ez dela komeni bertako lurretan esku-hartzerik egitea", nabarmendu du plataformak. 

Halaber, "egokiena da azpiegiturak sustraien eremutik kanpo jartzea, ez azpian". Oro har, zuhaitzak «egoera onean» daudela eta "zuhaizti osoaren arriskua baxua" dela dio txostenak. "Beraz, ez dago zuhaitz horiek mozteko arrazoi fitosanitariorik", dio plataformak.

Hala, ondorioztatu du udalak ez dituela "aintzat hartu zuhaizti-ondare honen benetako balio eta onurak", eta ez duela "inolako alternatibarik aztertu", herrian kezka sortuagatik, "herritarrontzat hain preziatua den zuhaitz multzo hau babesteko".