Erdaraz ikus-entzuten da gehien eskualdean, gaztetxoen artean

Anartz Izagirre 2022ko ira. 29a, 10:19
Eitb Nahieran plataformaren irudia. (Anartz Izagirre)

LHtik Batxilergora bitartekoek erantzun dituzte Uemaren ikerketako inkestak. Eskualdeko datuak ere kaleratu dituzte, eta 3.544 inkesta egin dituzte.

Uemak askoren ustea berretsi du ikerketa baten bidez: erdara da nagusi, oro har, Uemaren parte diren udalerrietako gaztetxoen ikus-entzunezko kontsumoan. Ikerketa mardula egin dute gai horren inguruan, eta atzo aurkeztu zuten ikerketaren emaitza Eusko Legebiltzarrean. Pantailen kontsumoak belaunaldi berrietan duen eraginak “kezka” eragin du hezkuntza-komunitate askotan zein euskalgintzan, eta hori da, hain zuzen, ikerketaren abiapuntua.

Ikastetxeen bitartez egin dituzte inkestak, eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek, DBHkoek eta Batxilergokoek erantzun dituzte —10 eta 18 urte bitarteko ikasleak—. Guztira, 94 udalerritako 11.571 inkesta bildu dituzte, eta horien emaitzak xehe plazaratu dituzte txostenean; era berean, Uemako kide diren eskualdeko udalerrien ikuspegi orokorraren emaitza zehatzak ere eman dituzte, eta eskualdean adin tarte horretako herritarren 3.544 inkesta jaso dituzte. Aia eta Azkoitia dira Ueman ez dauden eskualdeko udalerri bakarrak.

Alde batetik, eskualdeko ikasleen hizkuntza ezaugarrien berri eman du Uemak, “ikus-entzunezkoen kontsumoa sakonago” aztertzeko xedez. Bertan ageri denez, hamarretik seik euskara du lehen hizkuntza, %22,3 da euskara eta gaztelania ama hizkuntzatzat dutenen ehunekoa, %12,8 gaztelania soilik dutenena, eta %4,8 beste bat dutenena. Erraztasun erlatiboari erreparatuz —zein hizkuntzatan egiten duten errazen—, %59,5ak euskaraz errazago egiten du; %22,7ak euskaraz zein gaztelaniaz berdin egiten du eta %17,9ak gaztelaniaz errazago egiten du.

Era berean, inkestatuen ohiko hizkuntza erabilera ere aztertu da, ohikoak dituzten bost eremutan. Inkestatuen erantzunak kontuan hartuta, etxean %72,4 da euskararen erabilera; ikasgelan, %86,2; ikaskideak gelatik kanpo daudenean, %79,7; lagunen artean, %78,7, eta eskolaz kanpoko jardueretan, %78,3.

Telebistatik haratago

Egungo kontsumo joerak kontuan izanda, Uemak telebistaren eta plataformen kontsumotik haratago, sare sozialen, musikaren eta bideojokoen kontsumoa ere aztertu du. Alde batetik, telebistaren ohiko kontsumoa aztertu dute, eta azken hiru egunetan zein telebista kate ikusi zuten galdetu zieten inkestatuei —portzentajeak adierazten du zenbat ikaslek ikusi duten kate bakoitza—. Lehen postuan ETB1 dago (%38,5), bigarren Telecinco (%24,4), eta hirugarren, FDF (19,1). Deigarria da, halaber, telebista batere ikusten ez dutenen portzentajea (%18,1). Plataformen kontsumoa ere telebistaren modu berean neurtu dute, eta Netflix (%64,3), Amazon Prime (%33,8) eta Movistar + (%22,6) dira arrakastatsuenak.

Telesailen kontsumoa zein hizkuntzatan egiten duten ere galdetu diete ikerketan parte hartu dutenei, eta inkestatuen 10etik 7k azken telesaila edo marrazki bizidunak gaztelaniaz ikusi ditu; 10etik 1ek ere ez du euskaraz ikusi (%9,8), eta 10etik 1ek ingelesez ikusi du (%11,1) azken ikus-entzunezko edukia.

Bestalde, sare sozialek pisu nabarmena dute ikerketarako aintzat hartu diren herritarren egunerokoan, eta, beraz, horien kontsumoa ere barne hartu dute ikerketan. Gehien erabiltzen den sare soziala Youtube da (%86,1ak erabiltzen du); bigarren postuan Whatsapp dago (%82), eta hirugarrengoan, Tiktok (%70).

Aintzat hartu dute, halaber, sare sozialetan erabiltzaileek edukiak zein hizkuntzatan kontsumitzen dituzten ere, eta honakoak dira emaitza nagusiak. Youtuben, %57,1ak batez ere gaztelaniaz kontsumitzen ditu edukiak, eta euskara hutsean, %2,9ak soilik kontsumitzen ditu bideoak. Deigarria da inkestatuen %18,1ak ingelesez eta gaztelaniaz berdintsu kontsumitzen dituztela bideoak.

Instagram sareari dagokionez, %52,4ak ez du edukirik igotzen, baina altuagoa da argitalpenak beti euskaraz egiten dituztenen kopurua (%11,6) beste aukera guztiak baino —%10,2 euskaraz eta gaztelaniaz, eta %9,9 gehien euskaraz—. Kontrara, Twitchen kasuan hamarretik ia zazpik ez dute sare sozial hori erabiltzen, eta erabiltzen dutenek batez ere gaztelaniaz erabiltzen dute (%25,7); gainontzeko aukerak %1etik behera daude.

Tiktoken, %44,5ak batez ere gaztelaniazko kontuak ikusten ditu, eta 10etik 8k edukirik igotzen ez badu ere, igotzen dituztenen artean gaztelania da nagusi —%11,8 batez ere gaztelaniaz eta %2,5 batez ere euskaraz—.

Musika eta bideojokoak

Txosten berean musika eta bideojokoak kontsumitzerakoan gaztetxoek dituzten erabilera ohiturak ere ikertu dituzte; alde batetik, musika entzuten duten euskarriaren inguruan galdetu diete, eta bideoak ikusteko ez ezik, musika entzuteko ere Youtube lehenesten dute gaztetxoek. Aukera bat baino gehiago aukeratu behar izan dituzte, eta Youtube (%76,8) zein Spotify (%72) dira gehien erabiliak. Hizkuntzari dagokionez, batez ere gaztelaniaz entzuten dute musika (%26,3), baina “berdin euskaraz eta besteetan” erantzun dutenen portzentajea ere altua da (%25,2), baita “batez ere beste hizkuntzetan” erantzun dutenena ere (%21,6).

Bideojokoei dagokienez, alde batetik, horien erabileraren eguneko batez besteko denborari erreparatu diete, eta %34,9ak ez ditu horiek batere erabiltzen, baina erabiltzen dituztenean artean %17,3 ordu-erdi eta ordubete artean aritzen da bideojokoetan, egunero. Bestetik, bideojoko horietan erdiek baino gehiagok gaztelania darabilte (%52,3); bideojokorik ez dutenen kopurua ere altua da (%34,9), eta ingelesez euskaraz baino gehiago ibiltzen dira horietan, %15 eta %3,4, hurrenez hurren.

Ikerketaren ondorioak

Ikerketaren emaitzak kontuan hartuta, gogoeta sorta bat ere kaleratu du Uemak, eta bertan, ikus-entzunezkoen panoraman “aldaketa handiak” izan direla diote denbora laburrean; egoera “abiada bizian aldatzen” ari dela gehitu dute, eta “urgentea” dela gaia. Era berean, fikzioaren aldeko “apustu sendoagoa” eskatu dute, gaztetxoek fikzioa bilatzen dutela argudiatuz: “Apustu indartsuak egitean iristen dira emaitzak: Goazen telesaila da horren adibidea”.

Eskaintza ere izan dute hizpide gogoetetan; EITBk “ardura handia” duela nabarmendu dute, baina RTVEren ardura ere aipatu dute; izan ere, gaztetxo askok jotzen dute RTVEra marrazki bizidunak ikusteko, eta Uemak dio euskarak ez duela presentziarik bertan. Plataformen harira, bestalde, azken hilabeteetan egon diren urratsak “areagotu, sakondu eta arautu” egin behar direla azaldu dute.

“Euskarazko erreferente falta” izan da azpimarratu duten beste ezaugarrietako bat, eta “euskal sortzaileen aldeko apustua” egin behar dela diote. Horrez gain, hizkuntza politikan “sendotasun handiagoz” aritu behar dela ere adierazi dute Uemakoek, eta ikuspegiari dagokionez, “erantzun beharreko galdera bat” luzatu dute: “Hizkuntza-komunitate gisa, herri gisa, zein da gure eredua eta apustua ikus-entzunezkoen arloan?”.