Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak irabazi du aurtengo 41. Lizardi Saria literatur lehiaketa, Mari Gonagorri eta hamazazpi berri lanari esker. Urte askoan sariketako epaimahaikide izan da idazle bizkaitarra, baina oraingoan bera jarri da hesiaren bestaldean, lehiaketan parte hartuz. Haur literatura izan du ardatz aurtengo edizioak, eta, guztira, hamahiru lan aurkeztu dira sariketara. Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Ibon Egañak osatu dute epaimahaia, eta Arrietaren narrazio lanaren alde ebatzi dute.
"Egitura eta hizkuntza oso landuak ditu liburuak. Bikain egituratu eta jositako kapitulu laburrek jakin-mina sortzen dute eta irakurketari erritmoa ematen diote. Haurren irakurketa-erritmoarekin bat egiten duen egitura du liburuak eta atalka, ahots goran, helduek eta haurrek elkarrekin irakurtzeko aproposa da", baloratu dute epaimahaiko kideek.
Oro har, "ahozko haur literaturaren tradiziotik" edaten du idazlanak: "Idazleak ederki ustiatzen ditu baliabide horiek guztiak: errima, musikaltasuna, hitz-jokoak eta haur poesia trebetasunez ekarri ditu paperera". Narrazioko elkarrizketa ugari eta biziek "erritmoa eta bizitasuna" ematen diote kontakizunari, epaimahaikideen arabera, eta, horrenbestez, "hizkuntzarekin jolas egiteko narrazio aparta " dela ondorioztatu dute Mari Gonagorri eta hamazazpi berri.
Sarituak 5.500 euroko sari ekonomikoa jasoko du, eta Zarauzko Udalak beste 1.000 euro jarriko ditu liburua argitaratzerakoan ilustratzailearen lana ordaintzeko. Sari banaketa ekitaldia 2023ko apirilaren 2an egingo dute Modelo aretoan, Haur eta Gazte Liburuaren Egunarekin bat eginez.