Gaur amaituko da udako TAO sistema

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 30a, 10:00
TAO makina. (Zarauzko Udala)

Lehen guneko aparkalekuak eta marra txuri-urdinak dituztenak soilik izango dira ordainpekoak bihartik aurrera, eta larunbat eguerditik aurrera eta igandeetan, doakoak izango dira horiek ere.

Bihartik aurrera, neguko TAO sistema sartuko da indarrean eta udan ordainpekoak ziren hainbat aparkaleku doakoak izango dira aurrerantzean.

Marra txuriz dauden egoiliarren guneen funtzionamenduak berdin jarraituko du, eta egoiliarren txartelik ez dutenek ezingo dute bertan aparkatu. Lehen guneko aparkaleku urdin eta txuri-urdinek ordainpekoak izaten jarraituko dute, larunbat eguerditik aurrera eta igandeetan izan ezik.

Bigarren gunea, berriz, doakoa izango da aparkaleku urdinetan, eta ordainpekoa txuri-urdinetan, larunbat eguerditik aurrera eta igandeetan izan ezik. Gune txuri-urdin bakarra dago bigarren gunean; hain zuzen ere, Araba kalean.