2023rako zergak eta tasak izoztea erabaki dute

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 1a, 10:00
Osteguneko udalbatzarrean, ordenatza fiskalak bozkatzeko garaian. (Aritz Mutiozabal)

Halaber, "beharrezkotzat" jo dituzten hainbat egokitzapen tekniko egin dituzte, eta tarifa sozialeko hainbat hobari ere igo dituzte. EH Bildu kritiko agertu da izozketa orokorrarekin,  eta Udal Gobernuko taldeek arduraz jokatu dutela erantzun diote, "egungo egoera" zein den kontuan hartuta. Podemos Equo-Berdeakek begi onez ikusi du proposamena.

2023rako ordenantza fiskalak landu zituzten osteguneko udalbatzarrean, eta Udal Gobernuaren proposamenak aurrera egin zuen Udal Gobernuko bi taldeen (EAJ eta PSE-EE) eta Podemos Equo-Berdeaken aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen. "Ordenatza hauen oinarrizkoena eta garrantzizkoena da 2023ko zerga eta tasak izoztea, hau da, igoerarik ez egitea bi horien eranskinetan", nabarmendu zuen Ogasun zinegotzi Jesus Aranak proposamena aurkezteko orduan.

Edonola ere, departamentu ezberdinetako hainbat teknikarirekin lanean, zenbait atal eta gai egokitzea erabaki dute. Bosgarren ordenantza fiskalean, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen horretan, "beharrezkotzat" ikusi dute hobarietan ehuneko batzuk definitzea. Horretarako, besteak beste, inguruabar sozial- kulturalak, inguruabar historiko-artistikoak eta enplegua sortzeko inguruabarrak kontuan hartuko dituzte; nolaibait ere, lizentziak ematerako garaian. %85era iritsi daitezken hobariak direla nabarmendu zuen Aranak.

Egokitzapen batzuk ere egingo dituzte iaz lehen aldiz martxan jarritako tarifa sozialean. Herriko hainbat zerbitzuri hobariak jarri zizkioten iaz, eta "urtebeteko esperientziaren ondoren, erakutsi digu komenigarria dela beste zerbitzu batzuk gehitzea, eta Gizarte Zerbitzuetako proposamenei eutsiz, hobari batzuk igotzea", azaldu zuen Ogasun zinegotziak.

Beraz, udal haurreskolako jangelako tarifaren hobaria %70etik %100era igoko da; Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasun Arloko ikastaroetan ere hobariak izango dira; Gaztedi departamentuaren bidez, nerabe balio anitzeko zerbitzuetan ere %100ko hobariak lor daitezke; psikomotrizitate zerbitzuan ere %80tik %100era igoko dute hobaria; udal euskaltegian ere %100ko hobaria lortu ahal izango da tarifa sozialarekin.

"Hiru atal nagusi dituzte ordenatza hauek: ez ditugu zergak eta tasak igoko; hainbat egokitzapen tekniko egingo ditugu, eta lizentziak ematerakoan hobariak emango ditugu; eta tarifa sozialen arloan zerbitzu berriak txertatuko ditugu eta beste batzuen hobariak igoko ditugu", laburbildu zuen Aranak. Bestalde, azken urteetan bezala, prezio publikoen aldaketak maiatzeko udalbatzarrean erabakiko dituzte, ikasturtearekin lotura zuzena dutelako.

"Zerbitzuetan pairatuko da"

EH Bildu kritiko agertu zen Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin, eta zerga eta tasen izozteak kezka sortzen diela adierazi zuen Ion Arozena koalizioko zinegotziak, "azken hilabetetan bizitzen ari garen inflazioak bizitzako hainbat elementuren kostua igotzen ari delako, eta kostu hau aldi berean zerbitzutan paraituko delako". Izozketarekin antzeko sarrerekin garestiagoak diren gastuak kudeatu beharko dituela dio koalizioak: "Eta, jakina, ez dugu nahi zerbitzu horiek kopuruz gutxiago izatea edo kalitatea galtzea. Baina dirurik ez badago..."

Izozketa herritar orori berdin aplikatzearekin ez dago ados EH Bildu. "Gehien duenak gehiago ordaindu behar du, gutxiago duenak gutxiago ordaindu dezan. Tarifa sozialarena dago, baina horrek alde batera bakarrik eragiten du". Koalizioaren ustez, errentaren arabera ordaindu beharko lirateke zergak, eta horretarako metodo ezberdinak daudela azaldu zuten. "Herri batzuetan zerga komunak daude guztientzat, baina gero hobariak daude errentaren arabera. Gisa horretan, mailakatu egiten da bakoitzaren zenbatekoa", proposatu zuen Arozenak."Modu horretan, ekonomikoki osasuntsu eta ekitatez jokatu daitekeela iritzi diogu, eta zerbitzu onak eskaini".

Podemos Equo-Berdeak taldeko bozeramaile Oihane Delgadok eskerrak eman zizkien Udal Gobernuari "kasu egiteagatik" eta horrelako ordenantza fiskalak proposatzeagatik: "Agintaldi osoa daramagu zergak eta tasak izozteko eskatzen. Espero dezagun ez izatea hauteskundeekin zerikusia duen urrats bat". Horrekin lotuta, beraien koalizioa "arduratsua" dela nabarmendu zuen, eta ez diotela erreparorik jartzen zein alderditatik datorren proposamena.

Erabaki "arduratsua"

Gloria Vazquez PSE-EEko bozeramaileak argi eta garbi azaldu zuen pandemia garaian ere izoztu zirela zergak eta tasak, eta "egungo egoeran ere, Ukrainako gerrarekin eta prezioen gorakadarekin, logikoena" zela arrazoitu zuen: "Ezin dugu presio fiskal gehiago ezarri herritarrengan". Era berean, Zarauzko Udala egoera ekonomiko onean dagoela azpimarratu zuen eta arduraz jokatuko duela.

Ildo beretik jo zuen Jesus Arana Ogasun zinegotzi jeltzaleak: "Oso kontziente izan behar dugu zein den egungo egoera, eta erabaki hau ez zaio udalari otu. Duela hilabete batzuk Gipuzkoako Foru Ahaldundiak IRPFan deflazio bat egin zuen. Horrez gain, gomendio batzuk ere iristen ari zaizkigu, eta, beraz, gauza horiek guztiak kontuan hartu behar ditugu".

Egungo egoerak denei eragingo diela nabarmendu zuen Aranak, baina  udalaren ardura dela "herritarrei gauzak erraztea hein batean", eta zerbitzuak mantentzea dela beraien apustua. Zentzu horretan, azaldu zuen "arduratsua" dela zergak eta tasak izoztea: izan ere, Zarauzko Udalaren zorpetze maila osasuntsu dagoelako.